Semblante Andaluz elkartearen asteburu handia

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ots. 23a, 14:30

Andaluziaren festa handia ospatuko du Semblante Andaluz elkarteak asteburu honetan zehar. Ostiraletik hasi eta igandera bitarte, ekintzaz jositako egitaraua prestatu dute antolatzaileek: agintarientzat mokadutxoa eta ohorezko ardoa, hainbat artistaren emanaldiak, meza Arantzazuko Ama parrokian, herri bazkaria, dantzaldia, eta abar. Otsailaren 28an, igandez, Andaluziaren XXIII. eguna ospatuko dute. Herritarrak festara gonbidatzen dituzte.

Ostiralean hasiko da Semblante Andaluz elkartearen asteburu handia. Zuzendaritza batzorde berria aukeratuz eta botere aldaketa eginez ekingio die ospakizunei. Horrez gain, agintariek topa egingo dute ohorezko ardoa edanez, eta mokadutxo bat ere jango dute denek elkarrekin. Arratsaldeko zortzietan jarri dute hitzordua.

Larunbatean segituko dute ospakizunek, 17:30ean hasita: Gitanillos del Alba, Duende Flamenco, Azabache eta Zambra dantza-taldeek emanaldiak eskainiko dituzte kultur elkartean. Hori eta gero, arratsaldeko zazpietan, Coros y Danzas Virgen de Guadalupe korua igoko da oholtza gainera. Donostian dagoen extremadurar elkartetik dator taldea. Hortik ordubetera Semblante Rociero koruak eskainiko du emanaldia.

Igandean, goiz eta arratsalde

Andaluziaren XXIII. eguna ospatuko dute igandean. Hori dela eta, egun horretan egingo dira egitarauan jasotako ekintza gehienak. Meza rozieroarekin ekingo diote asteko azken egunari. Arantzazuko Ama parrokian elkartuko dira; ekitaldia Semblante Rociero koruak girotuko du.

14:00etan harrera egingo diete agintariei, Semblanteren kultur elkartean. Andaluziar ereserkia abestuko dute denek elkarrekin, eta elkarteko mahaien bueltan bilduko dira gero, denek elkarrekin bazkari legea egiteko.  

Digestioa egin ostean, arratsaldeko zazpietan Amigos del Sur taldearen emanaldia izango dute ikusgai herritarrek, kultur elkartean bertan. Handik ordu erdira gorputza martxan jarri ahalko dute, herri dantzaldian. 21:30ean amaituko du elkarteak Andaluziaren asteburu handia.

Semblante Andaluzeko kideek lasarteoriatar guztiei egiten diete gonbita asteburuan zehar programatutako ekintzetan parte hartu eta festaz gozatzera.