Gerra Zibileko lubaki eta aztarnak aztertzen

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 21a

Txaldatxur mendixkara txangoa egin zuten igande goizez zenbait herritarrek Islada Ezkutatuak taldeko kideekin batera. Eguraldia lagun, Gerra Zibileko aztarnak ikusi zituzten, Joxe Agustin Muguruzaren azalpenak lagunduta. Orain arte egindako aurkikuntzak partekatu zituzten eta datorren urteetara begirako erronkak azaldu.

Goizeko bederatzietan elkartu ziren hogeitamar herritar inguru Okendo plazan. Igande goizeko eguraldi bikaina baliatuz, botak jantzi eta Txaldatxur mendixkarako bideari ekin zioten.

2015eko ekainean antzeko txangoa antolatu zuten Islada Ezkutatuak taldeko lagunek, baina oraingoan azalpenak gaztelaniaz eman dituzte.

Lehenik eta behin, Gerra Zibilaren nondik norakoak azaldu dituzte. Azpimarratu dute, askotan aipatu izan den arren, ez zela “anai-arreben arteko gerra” izan, “estatu kolpea” baizik.
Izan ere, “historia azaltzeko estrategiak erasotzaileak eta erasotuak egon zirela isilean gorde du”.

Gerra Lasarte-Orian

Lasarte-Oria Gerra Zibileko ‘Iparraldeko kanpainan’ “estrategikoa” izan zela aipatu du Islada Ezkutatuak taldeko kide Joxe Agustin Muguruzak.

Batetik, herriak duen kokapen geografikoagatik. Kostako errepideak eta errepide nazionalak bat egiten duten gunean dagoelako.

Bestalde, industria herria izateak gerra garaian baliotsu bihurtu zuen Lasarte-Oria. Fabriketan baliabideak zituzten eta kualifikatutako langile ugari –torneatzaileak, fresatzaileak, etab. – zeuden.
1936ko abuztuan eta irailean erasotu zituzten Lasarte-Oria eta inguruak. Gehienbat, Teresategi, Santa Barbara, Andatza edota Txaldatxur mendietatik defendatu behar izan zuten herria. Nazionalek Andoain eta Buruntza hartzean irudikatu zuten nondik etorriko ziren.

Batzuen eta besteen lubakiak

Txaldatxur gainean zenbait lubaki aurkitu dituzte Islada Ezkutatuak taldeko kideek. Muguruzak azaldu duenez, Nazionalen eta Errepublikarren guneak arrastoengatik desberdindu daitezke. Badute, behintzat, horren susmoa.

Armada Nazionala “gorpu militarizatu eta entrenatua” zen. Azken batean, “1934tik gudarako prestatzen” zihardutela nabarmendu du Muguruzak.

Horregatik, aurkitutako arrastoak, armak, balazorroak eta janari latak itxura homogeneoa dute. Hau da, gudaroste profesional batek utziko lituzkeen tankera hartu diote euren lubakietako batean aurkitutako arrastoei.

Balizko lubaki errepublikarrean, aldiz, “denetarik” topatu omen dute. Mota guztietako armak, eta horien artean inon ikusi ez dituzten batzuk ere. Muguruzak azaldu duenez, “baliteke Brunet lantegian eginak izatea”.

Kontuan hartu behar da gudaroste errepublikarrak jatorri eta ideologia askotako pertsonek osatu zutela, eta gutxik zutela esperientzia militarra. Horregatik, munizio eta hornidurak halamoduzkoak ziren.

Halaber, topatutako material guztia ez da Gerra Zibilekoa. Zaharragoak diren armak ere aurkitu dituzte, seguruenik hirugarren Karlistadetakoak. 

Dena den, horiek baztertu egin dituzte. Izan ere, Gerra Zibileko aztarnekin egiten dute lan soilik. 

Txaldatxurgo erpina
 

Gaur egun zuhaitzek ondo ikusten uzten ez badute ere, Txaldatxur gainetik inguruko herrietako 360 graduko bista zoragarria zegoen 30eko hamarkadan.

Errepublikarrek erpin formako lubaki defentsa antolatu zuten Candido Sasetaren gidaritzapean.

Joxe Agustin Muguruzaren aburuz, “erasotzeko oso zailak ziren”, angelu asko kubritzen baitzituzten. Bestalde, “defendatzeko nekezak” ziren. Izan ere, errekurtso ugari behar ziren behar bezala egin ahal izateko.

Txaldatxurgo gainean izan dira lasarteoriatarrak lubakiak, biltegiak eta bestelakoak ikusten. Azalpenak amaitzean, hamaiketakoa jan dute umore onean.

Hobien bila

Islada Ezkutatuak taldeko lagunek jasotako testigantzen arabera, baliteke inguruan hobiak egotea. 

Horiek aurkitzea da gaur egun taldeak bere buruari jarritako erronka. Orain arte arrastorik ez dute topatu, baina Muguruzak dioenez “kosta egiten da leku zehatza topatzea”. Hori dela eta, bila jarraituko dutela diote.

Halaber, nabarmendu dute gune asko daudela garbitzeko eta ikertzeko. Orain arte aurkikuntza ugari egin badituzte ere, gehiago egotea espero dute.

Horretarako, elkarlanerako deia luzatu dute. Asteartero elkartzen dira Manuel Lekuona kultur etxean, eta interesatuta legokeen edozeinek “ateak irekita ditu”.

Azaldu dutenez, “lan handia” egin behar izan dute urte hauetan ingurua garbitu eta aztarnak miatzeko, baina “gauza asko ikasi dituztela” nabarmendu dute.

Historia zenbait eratara kontatu da, eta Islada Ezkutatuak taldearen helburuetako bat gertatutakoa ahal den neurrian ezagutzea da. 

Ehuneko ehunean ezer ziurtatzea zaila da. Muguruzak aitortu duenez, “gerran galtzen den lehenengo gauza Egia da”. 

Hala ere, lanean jarraituko dute; 1936ko estatu kolpea eta haren ondorioak Lasarte-Orian eta inguruetan aztertzen.

Eskertza ekitaldia

Urtero egiten duten moduan, aurten ere Islada Ezkutuak taldearekin batera lanean aritu diren herritarrak eta euren testigantzak partekatu dituztenak eskertuko dituzte.

Jakinarazi dutenez, martxoaren 6an, Lasarte-Oriako Udalbatzar aretoan egingo dute eguerdiko 12:00tan.

2015ean lagundu duten kideek oroigarri bana jasoko dute.