Errigoraren olio kanpaina gaurtik martxan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 19a

Errigora ekimenak aurten ere oliba olio birjinaren kanpaina jarri du martxan. Errigorak martxan duen 'Nafar eskualdeko uzta eskutik eskura' ekimenaren baitan dago kokatua.

'Eskutik eskura' Nafarroa hegoaldeko produktuak eguneroko kontsumo ohituretara eramateko proposamena da. Errigorako lagunek adierazten duten moduan, kontsumo eredua aldatzeko gonbita da eta kontsumitzaile arduratsuak herriz herri elkartzeko saiakera. 

Nafarroa hegoaldeko ekoizleei babesa emateko era bat ere bada.  

Iazko ikasturtean Nafarroa eta Euskal Herriko 50 herritan egin zuten saiakera, eta Cascanteko 'La casa del aceite' eta Ablitas kooperatiba  ekoiztutako 45.000 litro olio banatu ziren.

2014an jarri zen martxan lehenengoz aipatutako egitasmoa. Orduko horretan errota bakar batek ekoiztutako olioa jarri zuen salgai Errigorak. Pasa den urtean bikoiztu egin zuen hornitzaile kopurua, eta aurtengoan berriro ere bikoiztu: denera lauk hartuko dute parte.

Lasarte-Oria ere bat

Gure herriak ere ekimen  honekin bat egin zuen eta 310 bidoi eskatu ziren; 91 ekologikoak izan ziren eta gainontzekoak konbentzionalak. 

Aurtengo prezioak hauek dira: 32 euro balio du olio ekologikoak, eta 22,50 konbentzionalak. Bidoien edukiera ez da aldatu: bost litrokoak dira biak.

Eskaerak egiteko epea gaur ireki eta martxoaren  2ra arte luzatuko da.

Oliba olio eskaera egin nahi duenak errigora.eus orrialdean edo herriko hainbat lekuetan egin ahalko du: Ttakun kultur elkartea, Muntteri-AEK euskaltegian edo LAB sindikatuan. Xumela koruak ere eskaerak jasoko ditu.

Eskaerak jaso

Lasarte-Oriako Errigorako taldeak adierazi duenez, herritarrek Goikale 8 zenbakian, Otaegi zapateria ohia zenean jaso ahalko dituzte eskaerak.

Bidoiak jasotzeko egunak eta ordutegiak honakoak izango dira: martxoak 15a, asteartea, 16:00etatik 19:00etara eta martxoak 16a, asteazkena, 11:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 19:00etara.

Errigorako lagunek herritarrak gonbidatzen dituzte ekimen honetan parte hartzera eta maiatzean kontserba loteen kanpaina ere martxan jarriko dela aurreratu dute.