Hiperaktibitatea hautemateko gakoak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 17a

Arreta Faltaren Nahasmenduari eta hiperaktibitateari buruzko hitzaldia egin du ADAHIGI elkarteak Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan. Garaiz hautemateko gakoak eta zantzuak jorratu dituzte gehienbat.

Batez ere, gurasoei zuzendutako hitzaldia izan da gaurkoa. Izan ere, Arreta Faltaren Nahasmendua eta hiperaktibitatea kezkatzen ditu haietako asko. Hautemateko garaian sor daitezkeen zailtasunak eta zalantzak argitzen lagundu die ADAHIGI elkarteko kideak.

Diagnosia egiteko garaian agertzen den zailtasun nagusia aipatu dute; azterketa fisiko batek ez du "gaitza" aditzera ematen. Jarrerak sakonean aztertu behar dira. Horregatik, askotan "sinpleegiak diren test batzuen bitartez" hautematen saiatzen direla azaldu dute, eta diagnosi okerrak egin izan direla horren ondorioz.

Faktore hereditarioak ere izan dituzte hizpide. Korrelazioa frogatu ez den arren, egia da gurasoek halakorik izan dutenean, maizago agertu direla seme-alabetan.

Edonola ere, jaiotzez sortutako nahasmenduak direla azpimarratu dute. Hortaz, Arreta Faltaren Nahasmendua edota Hiperaktibitatea izatearen errua inorena ez dela nabarmendu dute. Hala ere, hezkuntza egokiak lagun dezakeela argi utzi dute.

Seme edo alabak arretarik ipintzen ez duenean, xehetasunak hautematen ez dituenean, behin eta berriro gauzak ahazten dituenean edota eguneroko ohitura eta errutinak barneratzen ez dituenean kezkatu beharko dira gurasoak. Dena den, garrantzitsua lehenik arazo fisikoak baztertzea. Hau da, baliteke haurrak gaizki entzutea edo bestelako gaitzen bat izatea.

Ez dago gaindiagnostikatua

Arreta Faltaren Nahasmenduari eta Hiperaktibitateari buruz zabaldu diren topiko askok diote behar baino gehiagotan diagnostikatzen direla. ADAHIGI elkarteko kideen arabera, ez da egia. Datuek diotenez, haurren %5-6ek dute arazoa, eta "gure ikasgeletan ez gara zenbaki horietara ailegatzen". Beraz, izatekotan, azpidiagnostikotatua dagoela ondorioztatu daiteke.