Amurrio azken sailkatua 0-47 garaitu ostean, seniorren Euskal Ligako hirugarren postuan da Lavie ZRT-Beltzak taldea. Jardunaldi bakarra dute jokatzeke, lehen fasea amaitu aurretik. Michelingo zelaian ariko dira, Zaisa Irun RTren kontra, larunbatean; partidua 14:15ean hasiko da.
Andoni Amonarriz, Beñat Arroyo, Julen Aristorena, Xabi Prieto eta David Vega herritarrek minutuak izan zituzten igandean, arabarren kontra jokatutako norgehiagokan. Prietok asteburuan jokatutako bigarren dema izan zen hori, larunbatean 21 urtez azpiko Euskadiko selekzioarekin aritu baitzen herritarra, Ordiziako Altamira zelaian. Azkeneko hogei minutuak jokatu zituen.
Gaztetxoen porrotak
Pasa den asteburua ez da izan onena harrobiko taldeentzat, emaitzei dagokienean behintzat. 14, 16 zein 18 urtez azpiko taldeek Ordiziaren aurka neurtu zituzten indarrak, Altamira zelaian. Gaztetxoenek 25-12 galdu zuten, 8-3 ertainek eta zaharrenek berriz, 24-0.
Asteburuko egutegia
14 eta 16 urtez azpiko taldeek arantzatxoa atera ahalko dute larunbat honetan. Lehenengoek Michelingo zelaian jokatuko dute La Rioja RT taldearen kontra, larunbatean, 13:15ean. Egun horretan ariko dira 16 urtez azpikoak ere, Zarauzko Asti zelaian, 11:00etan. Gaztedi RT arabarren bisita jasoko dute.
Arestian aipatu bezala, senior Euskal Ligako Lavie ZRT-Beltzakek ere Michelinen jokatuko du, larunbatean, 14:15ean. Zaisa Irun RT taldea izango du aurrez aurre. Ohorezko B mailako Babyauto Zarautzek ere jokatuko du, astebeteko atsedena hartu ostean. Astin ariko dira Fran Puertasen jokalariak, El Salvador Bren aurka. Larunbatean jokatuko dute, 16:00etan hasita.