Urrezkoa kolkoratu zuen Ander Garridok, bi borrokaldiak maisuki irabazita. Brontzezko hainbat ere jantzi zituzten judoka gazteek. Yeray Mendibek finalera sailkatzeko borrokaldia galdu bazuen ere, ongi eman zion buelta emaitza horri eta hirugarren postua eskuratu zuen. Mikel Lasak orain arteko txapelketa onena burutu zuen, maila pertsonalean, eta hiru borrokaldi irabazita brontzezko domina jantzi zuen berak ere. Alex Saletak ere zakuratu zuen brontzea.
Jon Herrero eta Talib Bergarak bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuten, eta Garikoitz Menak berriz, zazpigarrenarekin.
Monzalbarban bertan ariko dira Fermin Balda eta Eneko Eizagirre juniorrak, asteburu honetan, kategoria horretako Espainiako sektorean.
Olmosek zilarra Hernanin
Kadeteek Zaragozan lehiatu bitartean, Josu Olmosek Gipuzkoako txapelketa jokatu zuen, Hernanin. Primerako maila eman zuen herritarrak bertan, zilarrezko domina irabaziz.