LOKEko prestatzaile Oscar Goikoetxearen iritziz, denboraldi bat ona izan den ala ez neurtzeko indikadore fidagarriena da ikustea zenbat atletak lortzen dituzten Espainiako txapelketetan aritzeko gutxieneko markak.
Irizpide horri jarraituta, LOKE klubean aritzen diren atletak ederki ari dira pista estaliko denboraldian. Lauk lortu dute jada helburua: Eneritz Bustok 60 metro hesietan, Ane Galardik 60 metroetan, Yeray Veronizek 60 metroetan eta Maider Rekondok pisu jaurtiketan. Goikoetxearen aburuz, Idoia Olasagastik ere lortu dezake junior txapelketarako txartela, 200 metroetan.
Busto eta Veronizenak dira marka esanguratsuenak. Lehenengoak Espainiako absolutu mailako txapelketan aritzeko gutxienekoa lortu du, aurten aurreneko aldiz. Behin baino gehiagotan gainditu du 8.95 segundoen langa hori; larunbatean are gehiago ondu zuen marka pertsonala, Euskadiko junior txapelketan, 8.88 eginez. Martxoaren 5ean eta 6an ariko da, Madrilen.
Veronizek Espainiako promesa txapelketan hartuko du parte asteburu honetan, etxetik gertu, Donostiako Belodromoan. 60 metroetan egiten du lasterka; 7.07 segundokoa da haren marka onena.
“Lasterketa ona eginez gero, erronda bat gaindituko du seguruenik, eta oso ongi aritzen bada, finalerako ere sailka daiteke”, adierazi du Goikoetxeak.
Ane Galardi eta Maider Rekondo Sabadellen ariko dira, Espainiako junior txapelketan, martxoaren 19 eta 20an.
Fase erabakigarria
“Orain gaude pista estaliko sasoiaren fase erabakigarrian; balantzea martxo bukaerarako uzten dut. Hala ere, orain arte oso ongi konpetitu dute denek; iaz baino jende gutxiago ari da, Itoitz Rodriguez AEBtan ari baita aurten”, dio Goikoetxeak. “Otsailean markak baloratzeak ez du askorako balio, entrenamenduetako lan-kargak eragina baitu. Kirol gehienetan gertatzen den bezala, proba garrantzitsuenetara ahalik eta ondoen iristea da helburua”, gehitu du.
Atletismo alorrak etorkizuna bermatuta duela esan daiteke, gaztetxoak maila “oso ona” hartzen ari baitira, Goikoetxearen hitzetan: “Naroa Furundarena eta Xalba Otxandorena ederki ari dira jauzi hirukoitzan eta hesietan, hurrenez hurren”. Eskola mailan, neska-mutil gehiago dituzte aurten.
Pista berria Atsobakarren
Udalak berriki jakinarazi du Atsobakarren atletismo pista berria eraiki nahi duela. “Berri oso onak” dira horiek LOKErentzat, Goikoetxeak azpimarratzen duenez: “Ikaragarrizko bultzada emango liguke pista berriak, alor guztietan, entrenamenduen maila asko igoko litzateke. Oraindik fase burokratikoan daude, baina proiektuak aurrera egiten badu, gure iritzia eman nahiko genuke, egitasmoan parte hartu”.