Erronka berriak, ohitura zaharrak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 14a

Ostadar SKTko saskibaloi alorreko bi junior taldeek irabazi egin zituzten euren norgehiagokak atzo arratsaldean, Udal Kiroldegian. Euskal Ligakoek 64-54 garaitu zuten Getxo; Partizipaziokoek berriz, Summa Aldapeta menderatu zuten, 71-37.

Ostadar SKTko junior nesken bi taldeek bi helburu nagusi dituzte begiz jota: Euskal Ligan mantendu nahi du talde batek, eta Errendimendu mailara igo besteak. Erronka berriak dituzte biek, baina lehenengo faseko ohitura zaharrak mantentzen dituzte. Bat bereziki: partiduak irabaztearena. Horrela izan zen atzokoan ere: Euskal Ligakoek 64-54 hartu zuten mendean Getxo bizkaitarra, eta Partizipaziokoek bikain hasi dute bigarren fasea, Summa Aldapeta 71-37 garaituz.

Hirutik hiru

Lehenengo fase bikaina egin ostean, Ander Otaegiren jokalariak Euskal Ligara igo ziren urtarrilean. Bigarren multzoan ari dira lehian, beste bost talderekin batera, hurrengo urtean ere kategoria horretan jokatzeko. Momentuz, ez dira batere gaizki ari: jokatu dituzten hiru norgehiagokak irabazi dituzte.

Getxoren bisita jaso zuten atzo jokalari urdin-beltzek, Udal Kiroldegian. Lehenengo segundotik irten ziren puntuen bila etxekoak, eta berehala ireki zuten aldea markagailuan, kantxa osoan egindako presio itogarriari esker. Aurreneko hamar minutuak amaitzean, zifra horretakoa zen aldea markagailuan: 21-11 Ostadarren alde.

Dinamika berarekin ekin zion Ostadarrek bigarren laurdenari, eta hamabost puntugatik irabaztera ere iritsi zen. Bizkaitarrek erreakzionatu egin zuten orduan, eta atsedenaldira joan aurretik hamar puntuko aldearen langa jeistea lortu zuten: 38-29.

Aldageletatik bueltan, Getxok are gehiago murriztu zuen aldea; hiru puntura jarri zen (42-39). Une horretan, martxa bat gehiago sartu zuen etxeko taldeak, eta berriro ere hamar puntugatik irabazten jarri (49-39). 

Getxok ez zuen amore eman ordea, eta emozioa eman zion azken laurdenari: bi minuturen faltan, lau puntura jartzea lortu zuen, 56-52. Ostadarrek ez zion garaipenari ihes egiten utzi ordea, eta azkenean hamar puntugatik irabaztea lortu zuen: 64-54. Orain arte erdietsi dituen garaipenen artean 'erosoena' izan zen atzokoa, azken emaitzari dagokionean.

Hasiera ezin hobea

Lehenengo fasea amaitu zutenetik pasa dituzte zenbait aste partidurik jokatu gabe, baina Partizipazioko juniorrek atzo erakutsi zuten ez direla ahaztu saskibaloian aritzeaz. Eta irabazteaz ere ez. Hamalautik hamalau norgehiagoka irabazi zituzten fase horretan, eta bigarrena ere modu berean hasi dute, Summa Aldapeta donostiarra 71-37 azpiratuz. 

Lehenengo laurdenetik jaun eta jabe izan ziren Endika Marrahiren jokalariak, eta ez zieten inolako aukerarik eman donostiarrei. Errendimendu mailara igotzeagatik egingo dute borroka herritarrek, beste bost talderekin batera: Atletico San Sebastian, Easo Loiola, Soraluze Bergara, Bera Bera Ulia eta Summa Aldapeta. Lehenengo hiruak igoko dira kategoriaz. Ostadarrek eman du lehen urratsa jada.