30 urte eta milaka oroitzapen

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 13a

Astelehenean hiru hamarkada beteko dira Lasarte-Oria udalerri gisa eratu zenetik. Gaur hasi ditu Udalak urtemuga berezi horren ospakizunak, Manuel Lekuona kultur etxean. Hainbat herritar gerturatu dira ekitaldira, eta gogotik gozatu dute Julian Sagardiaren bideoan zein 'Gogoratzen duguna gara' diaporaman ikusitako argazkiak ikusten eta norberaren oroitzapenen kutxa irekitzen.

"Zeruan izarrik dan arte, bere buruaren jabe, beste erriren lokarri gabe, nai degu gure Lasarte". Horrela hasten da gure herriaren ereserkia, eta horrela hasi du Jesus Zaballos alkateak gaurko ekitaldiaren aurkezpena. Astelehenean 30 urte beteko dira Lasarte-Oriak inguruko herrien "lokarriak" askatu zituenetik, eta udalerri gisa eratu zenetik. Urtemuga berezi hori ospatzeko, Udalak hainbat ekintza prestatu ditu, gaurkoa tarteko.

Jendetza bildu da Manuel Lekuona kultur etxean, 18:30ean. Bertara hurbildu diren guztiek memoria eta nostalgia ariketa bat egin dute, bi zatitan banatuta. Lehenik, Julian Sagardia herritarraren bideo bat ikusi dute, 1986ko otsailaren 15ekoa, Lasarte-Oria udalerri gisa eratu zen egunekoa, hain zuzen. Ondoren, Sagardiak berak eta Zero Settek elkarlanean sortutako 'Gogoratzen duguna gara' diaporamaz gozatu dute.

Hori baino lehen, aurkezpentxoa egin du alkateak. Gogorarazi du 1986koa baino lehen herriak egin zituela beste zenbait saiakera udalerri bihurtzeko. Era berean, esker hitzak izan ditu azken hiru hamarkadetan kargu politikoetan egon diren pertsona guztientzat, eta gaur egungoei herria egiten jarraitzeko gonbita luzatu die. Antxon Agirre Sorondo etnografo ezaguna zenaren liburuaren izenburua ere aipatu du: "30 urte eta hainbat mende. Horixe bera da betetzen duguna, gure herriaren historia ez baitzen hasi duela hiru hamarkada".

Lasarte-Oria, 1986

Historia ez zen urte horretan hasi, baina bai herriaren funtzionamendua udalerri gisara. Julian Sagardiak hainbat irudi grabatu zituen egun horretan, eta horiek denak muntatu ostean, bideo bat osatu du, gaur ikusleek kultur etxean ikusi dutena.

Bideoa Lasarte-Oria eratu zen unearekin hasten da: Brigitarren komentuan bildu ziren korporazioko hamazazpi kideak eta ehunka herritar. Ana Urchueguia izendatu zuten alkate. Ondoren ospatu zen herri-meza ere grabatu zuen Sagardiak, eta baita Intza elkarte gastronomikoan egindako herri bazkaria ere. Laburmetraiari amaiera emateko, 1986ko otsailaren 15eko gauean jaurti ziren su-artifizialak aukeratu ditu herritarrak.

Bideoa proiektatu bitartean, etenik gabekoak izan dira ikus-entzuleen zurrumurruak, askok atzo izan balitz bezala gogoratzen baitute egun historiko hori.

'Gogoratzen duguna gara'

Udalerri gisa 30 urte beteko ditu Lasarte-Oriak astelehenean, baina alkateak ekitaldiaren aurkezpenean nabarmendu duen lez, gure herriaren historia askoz ere lehenago hasi zen. Horrela frogatu du 'Gogoratzen duguna gara' diaporamak, Julian Sagardiak berak eta Zero Sette akordeoi orkestrak elkarlanean gauzatutako egitasmoak. Gai eta hamarkada desberdinetako argazkiekin bilduma osatu du Sagardiak, eta musika jarri dio orkestrak. Orain dela bi urte hasi ziren proiektua prestatzen, diaporamaren aurkezle-lanak egin dituen Andrea Gonzalezek azpimarratu duenez. 

Lasarte-Oriaren aireko bista, dendak, baserriak, ekintza erlijiosoak, folklorea, sorgin dantza... Hamaika izan dira Sagardiak bildutako argazkiek erakutsi dituzten gai eta garai historikoak. Gustura ikusi dituzte horiek denak kultur etxera bertaratutakoek, adinduenek batez ere, Zero Setteren musika aditu bitartean. Orkestrako kideen notak estaltzera iritsi ez badira ere, etengabeak izan dira zurrumurruak aretoan, argazkietan ikusten ziren pertsona, kale eta antzekoak askorentzat ezagunak izan baitira.