Odola ematearen garrantzia nabarmendu du alkate Jesus Maria Zaballosek. Ostiralean sinatu zuen ituna Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearekin eta hauek Lasarte-Orian egiten duten lana goraipatu du. Emaileen izenean Jose Usabiaga Belokik sinatu du hitzarmena.
2.000 euroko laguntza honek elkarteari lagunduko dio 2016an Lasarte-Orian bere jarduera aurrera eramaten.
Konpromisoa
Hala, urte honetan hamabi donazio-aldi programatu eta aurrera eraman beharko ditu Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak. Halaber, Lasarte-Orian odol ematea eta ekintzak duen garrantzia sustatu beharko dute, gizarteari eragiten dizkion onurak adieraziz.
Euskara bultzatzeko konpromisoa ere hartu dute. Izan ere, itunean zehaztu dutenez, egiten diren kanpaina guztietako dokumentu, eskuorri edota informazio orriak euskarazkoak edota elebidunak beharko dute izan.
Odol emaile berrien bila
50 urte bete zituen aurreko urtean Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak, eta Lasarte-Oriakoak 48 egingo ditu 2016ean.
Hilabetero, hileko azken astelehenean biltzen dira emaileak Osasun Zentroan 17:30etatik 20:30etara.
Azaldu dutenez, “gazte jendearen beharra izaten dute”. Izan ere, hauteman dute 20 eta 30 urte bitarteko emaile gutxi daudela gaur egun.
Usabiagak aitortu du “hamar minutuko kontua besterik ez dela izaten”, eta 450 cc bakarrik ateratzen dituztela. Ondoren, mokadutxo bat emateko ohitura izaten dute.
Eskertza
Alkate Jesus Maria Zaballosek Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak egiten duen lana eskertu nahi izan du, baita odola ematera gerturatzen diren lasarteoriatarrak ere.
Osasun sistemak eta operazio gelak “haiei esker” funzionatzen dutela azpimarratu du, azkenik.