Euskaldunak “abilak” omen gara filosofia, politika eta gisa horretako gaiak jorratzeko orduan, Unai Muñoaren ustez. Barneko sentimenduekin zerikusia duten beste batzuk jorratzeko orduan, aldiz, “gabezia handiagoak” izaten ditugu, lasarteoriatarrak adierazi duenez.
“Beti bizi gara kanpora begira, Palestinan, Sirian edota Euskal Herrian bertan gertatzen direnei buruz hitz egiten dugu etengabe, baina gutxitan jartzen gara ispiluaren aurrean gu geu aztertzen”, dio Muñoak.
Hori da bi bertsolariek proposatutako ariketa. Norbere burua ispiluaren aurrean ipintzea eta barrenak askatzea.
Orain arte ikuskizun andana eskaini dituzte Euskal Herriko txoko askotan. Izan ere, badira hiru urte Andoaingo Bastero kultur etxean aurrestreinatu zutela.
Azaldu dutenez, ikusle asko “identifikatuta” sentitu dira adierazitakoarekin. Azken batean, pertsonak geure artean “desberdinak” izan arren, “kezka beretsuek asaldatzen gaituztela” uste dute emanaldiaren egileek.
Xumelaren laguntza
Hamar urte bete ditu aurten Xumela Abesbatzak, eta horiek ospatzeko asmotan zenbait ekintza antolatu dituzte. Horietako bat, hau.
Igandeko emanaldian Muñoarekin eta Lizarralderekin bat egingo dute eszenatokian, eta pasarte bat abestuko dute batera. Landaberri BHI-ko musika gelan izan ziren entseatzen lehengo asteko astelehenean.
Igande arratsalderako plana egin nahi duenak sarrerak eskuragarri ditu oraindik Abend eta Jalgi kafe antzokietan, bost eurotan.