Bai esan …” telefonoaren beste aldetik entzuten dugu askotan. “ Bai … entzun mesedez” beharko luke izan. Arrapaladan sartzen gara uste baino gehiagotan, hariaren beste aldean dagoenari ezer esateko aukerarik eman gabe.
Entzun, mesedez entzun. Entzun zuen ondokoei, familiakoei, bikoteei, lagunei, horrenbeste maite ez dituzuenei ere, entzun. Baita etsaiei ere; entzun.
Entzun, pertsonei, animaliei, autoei; entzun. Entzun, politikariei bai entzun, baina entzun guztiei. Entzun mota guztietako ideiak dituztenei, guztiek dute zer esana. Entzun. Entzun, hausnartu, erabaki eta gero segi entzuten.
Entzun zure buruari. Benetan entzun. Zer nahi duzun, zer egiten duzun, zer egingo duzun; baina adi entzun, ulertuz, entzundakoan pentsatuz, entzundakoarekin gozatuz, edo sufrituz baina entzun.
Entzun inguratzen zaituen edonori, edozeri, edonola, edozein momentutan baina entzun. Entzun, entzun eta berriz ere entzun.
Entzuten dakitenak bilatzea zaila den gizarte batean bizi gara. Entzutea ongi dago, entzun egin behar da, besteena entzutea garrantzitsua da, irratian entzun dut eta horrelakoak etengabe esaten ditugun arren, entzun, gutxi entzuten dugu. Ez diogu ondokoari behar adinako arretaz entzuten. Benetan, entzuteko gai izango bagina, gaur egungo gaizki ulertu, arazo eta beste hainbat hitz-istripu katramilatsu ekidingo genituzke. Beraz, entzun. Entzundakoari so egin, pentsatu, hausnartu eta behin ondo murtxikatu ostean, esan, hitz egin, erabaki, ekin, iniziatiba hartu eta aurrera egin, baina mesedez ikas dezagun entzuten, ikus-entzunezkoan oinarritzen den gizarte honetan denon artean uler gaitezen.