Mendebaldeko Saharan erreferenduma egitearen alde

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 11

Otsailaren 27an Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zela 40 urte beteko dira. Hori dela eta, mozioa onartu zuten astearteko Udalbatzarrean zenbait eskaera eginez. Halaber, Lasarte-Orian otsaileko azkeneko astean urteurrena omentzeko egingo dituzten ekintzak zehaztu dituzte.

Saharako Lagunak taldeak aurreko asteartean aurkeztu zuen mozioa Udalbatzarrean. Zenbait aldarrikapen onartu zituzten PSE-EEk, EH Bilduk, Lasarte Oriak Ahal Du-k eta EAJk. PPk, aldiz, abstentzioa eman zuen.

"Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko gobernu legitimoa eta Fronte Polisarioa" errekonozitu ditu, eta horregatik, saharar herriaren autodeterminazio eskubidea. Espainiako Gobernuari eta nazioarteko komunitateari erreferenduma bultzatzeko eskatu diete. Halaber, "lurralde okupatuetan giza eskubideen aurkako erasoen salaketa irmo eta erabateko gaitzespena" adierazi dute, baita Marokoko agintariei eskatu "saharar aktibisten aurkako jazargoa" bertan behera utz dezaten eta "baliabide naturalak legez kanpo ustiatzeari" utz diezaioten. 2.600 kilometro luze dituen "lotsaren harresiaren" eraisketaren alde ere azaldu dira. 

Espainiako Estatuari bere "erantzukizun historikoa bere gain" har dezan eskatu diote, baita armak saltzeari utz diezaioten. Bestalde, errefuxiatu kanpamenduetan eta Marokok okupatutako luraldeetan lan egiteko konpromisoa berretsi dute.

40. Urteurrenarekin bat eginez, otsailaren 27an Mendebaldeko Saharako bandera Lasarte-Oriako Udaletxean zintzilikatuko dute, eta egun horretan bertan, eguerdiko 12:00etan kontzentrazioa egingo dute "Maroko Saharatik at, Independentzia Mendebaldeko Sahararentzat" lemapean.

Erreferendumaren aldeko kanpaina

Saharako Lagunak taldeko Tomas Arrutik eskertu die mozioaren alde agertu diren alderdiei agertutako konpromisoagatik. Halaber, Mendebaldeko Saharan erreferenduma egitearen aldeko kanpaina baten berri eman du. Suitzako talde batek bultzatuta, firmak bilduko dituzte 2017a bukatu aurretik galdeketa egin dadin. Horregatik, behatzak urdinez margotu dituzte. Kanpaina Lasarte-Oriara ekartzeko asmoa dutela adierazi du.

Gaurko ekitaldian Saharako Lagunak taldeko kideez gain, EH Bilduko, Lasarte Oriak Ahal Du-ko eta EAJko ordezkariak izan dira.

Urteurrena Lasarte-Orian

Aipatu bezala, otsailaren 27an kontzentrazioa egingo dute Udaletxe aurrean "Maroko Saharatik at, Independtzia Mendebaldeko Sahararentzat" lemapean. Baina hori ez da izango egingo duten ekintza bakarra. Hilaren 23an, asteartean, Hassana Aalia aktibista sahararrak hitzaldia emango du Furia Beltza tabernan 19:00tan. Larunbatean, kontzentrazioaz gain, argazki erakusketa egingo dute Antonio Mercero aretoan 11:00etatik 13:00etara. Garikoitz Lasa donostiarrak errefuxiatu guneetan ateratako irudiak erakutsiko dituzte. Jakinarazi dutenez, Elurtza tabernak ekitaldiren bat egiteko asmoa dute, eta hurrengo egunotan emango dute haren berri.