Beste pauso bat

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko otsailaren 12a

Bada hilabete Arteaga II.a pilotariak profesional mailan debuta egin zuenetik. Bihar beste erronka bati ekingo dio, haren ibilbide oraindik laburrean beste pauso bat emanez: Promozioko binakako txapelketa jokatzen hasiko da, Ander Imaz oiartzuarra bidelagun. Tainta eta Galarza nafarrak izango dituzte aurkari. Sarrerak pilotalekuan bertan eskura daitezke, eta baita aurrez ere, 656 79 94 23 telefonora hots eginda. 15-30 euro bitartean balio dute.

Txapelketa oso orekatua” aurreikusten du Arteaga II.a gazteak. Helburuari buruz galdetuta, argi erantzuten du: “Ander Imazek eta biok daukagun maila erakutsi nahi dugu”. Lehenengo suzko proba biharkoa izango da: Tainta eta Ladis Galarzaren kontra neurtuko ditu indarrak bikote gipuzkoarrak, Iruñeko Labrit pilotalekuan, 17:45ean.

Zer gorputzaldirekin ailegatzen zara txapelketara?

Gero eta hobeto jokatzen ari naiz azkenaldian, konfiantza gehiagorekin. Nire lehenengo lau norgehiagoketan emandako mailarekin ez nago gustura, baina urtarrila amaieran Idiazabalen irabazteak (22-9 Olaetxea eta Imazen aurka; Aretxabaletarekin jokatu zuen herritarrak) askatu egin nau eta goraka noa. Azkeneko partida, Tolosakoa, galdu egin nuen 18-16, baina sentsazio pertsonalak onak izan ziren, amaierako tantoak kenduta; galdu behar ez nituen hiru pilota huts egin nituen.

Besoak askatzen ari naiz, erremateak egiterako orduan gero eta seguruago sentitzen naiz nire buruarekin.

Ander Imaz oiartzuarra izango duzu bidelagun.

Gustura gaude biok, lagunak gara eta askotan jokatu dugu afizionatu mailan, profesionaletan ere bai pare bat aldiz. Hitz egin dugu txapelketari buruz: kontziente gara erronka zaila izango dela, orain dela gutxi debutatu baitugu, baina gure maila emanez gero, argi daukagu edonori egin diezaiokegula aurre.

Lehenengo geltokia, Iruñeko Labrit frontoia. Aurkariak, Tainta eta Galarza.

Partida gogorra izango da; biek urte dezente daramatzate jada profesional mailan. Esperientzia handiko pilotariak dira, oso ongi jokatu beharko dugu irabazi ahal izateko. 

Txapela janzteko faborito argirik ikusten al duzu?

Egia esan, txapelketa oso orekatua dagoela esango nuke, bikote guztiok dugula maila paretsua baitaukagu. Arerio denak izango dira gogorrak.

Hilabete pasatxo da profesionaletan hasi zinenetik. Zer balantze egiten duzu?

Hasiera ez da izan nik espero bezain samurra, batez ere emaitzei dagokienean. Urduri jokatu izan dut behin baino gehiagotan. Bestalde, azkenaldian gero eta gusturago sentitzen ari naiz kantxan, askeago, eta nire jokoa egiteko konfiantza gehiagorekin. Dinamika horretan jarraitzea espero dut asteotan.

Orain arte jokatu dituzun norgehiagoketan pilotalekuetako harmailek urdin kolorea hartu dute.

Oso-oso gustura nago partiduro zaleek ematen duten erantzunarekin. Asko eskertzen ditut haien animoak eta hitzak.

Kantxara irten eta harmailak gisa horretara ikusteak asko pozten nau. Biharko norgehiagokaz gozatzera etortzera ere animatu nahi ditut.