Lidertza sendotu du Babyauto Zarautzek

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 8a

Ohorezko B mailako sailkapenaren buruan egoten jarraitzen du Babyauto Zarautz taldeak, are alde gehiagoz, gainera. Aparejadores de Burgos bigarren sailkatua hartu zuen mendean pasa den larunbatean Zarauzko Asti zelaian, 20-18.

Garaipen baliotsua erdietsi zuen Babyauto Zarautz taldeak pasa den larunbatean. Arerio zuzen bat hartu zuen Zarauzko Asti zelaian, eta 20-18 hartu zuen mendean, sailkapenean bi taldeen arteko tartea handituz. Lider izaten jarraitzen dute Fran Puertasen mutilek 71 punturekin, eta 65ekin geratu da Burgoseko taldea.

Primeran ekin zion norgehiagokari etxeko taldeak. Lehen minutuetan jarri zen aurretik markagailuan, Lukas Panichelliren entsegu bati esker. Berehala aldatu zen partiduaren norabidea ordea, Facundo Oribe orpokatzaileak berdegunea utzi behar izan zuelako. Xabier Rekondo herritarrak bete zuen haren hutsunea, eta lanak izan zituen burgostarren mele indartsuari aurre egiteko. Gauzak horrela, 7-18ko markagailuarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira.

Errugbian ederki jokatzen du Babyauto Zarautzek, eta sufritzen ere ongi asko daki. Horregatik da horren zaila taldea mendean hartzea. Larunbatean berriro erakutsi zuten hori: zale zarauztar eta lasarteoriatarren animoek hauspotuta, markagailua irauli eta garaipena erdietsi zuten, 20-18. Ander eta Xabier Rekondo anaiek hasieratik jokatu zuten. David Vegak berriz, ez zuen minuturik izan larunbatean.

18 urtez azpikoen porrota

18 urtez azpiko Lavie-ZRT Beltzak taldeak ezin izan zuen Gaztedi mendean hartu, nahiz eta gogotik saiatu. Markagailuak islatzen duenaren aurka (14-60 gasteiztarren alde), lasarteoriatarrek minutu asko jokatu zituzten arerioen zelaian, eta primerako jarrera erakutsi zuten 80 minutuetan zehar.

Aipatu behar da baita ere bi taldekidek ez zutela jokatu larunbatean Michelinen, Euskadiko selekzioarekin txapelketa bat jokatzen ari baitira Gaztela Leonen aurka.