Gaur hasiko da herriko II. Padel txapelketa

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 8a

Berrikuntza ugarirekin dator Lasarte-Oriako Padel txapelketaren II. edizioa. Besteak beste, aurten emakumezkoen ligaxka ere osatu dute; zazpi bikotek hartuko dute parte horretan. Denera, 39 bikotek eman dute izena, lehiaketa mistokoak kontutan hartuta. Kiroldegi alboko padel pistan jokatuko dira partidu guztiak; finalak ekainaren 4an izango dira, larunbatez.

Bulego-lana amaituta (inskripzioak egin, norgehiagoken egun eta ordutegi guztiak koadratu, etab.), erraketa eskuan hartu eta pilota astintzeko ordua dute herriko padel txapelketaren II. edizioan izena eman duten 39 bikoteek. Horietatik 32 lehiaketa mistoan ariko dira, eta beste zazpiak emakumezkoen ligaxkan. Hori da 2016ko edizioko berrikuntza nabarmenena, antolatzaileen esanetan. 

Astelehenetik larunbaterainokoak izango dira jardunaldiak; 19 partidu jokatuko dira horietako bakoitzean. Finalak berriz (txapeldun zein kontsolazio fasekoak), ekainaren 4an jokatuko dira, printzipioz.

Formatuak ez dauka misteriorik. Txapelketa mistokoek ligaxka jokatuko dute aurrena, itzuli bakarrera; bikote bakoitzak bide bat hartuko du ondoren, lortutako emaitzen arabera: txapeldunen fasea edo, bestela, kontsolazioa. Emakumeen ligaxkan aritzen direnek berriz, joaneko zein itzuliko partiduak jokatuko dituzte. Ondoren, lehenengo lau sailkatuak finalaurrekoetarako sailkatuko dira; ekainaren 4ko finalerako txartela lortzen saiatuko dira erronda horretan.

Bikote kopuru bikoitza

Gero eta jende gehiagok jokatzen du padelean. Herrian bai behintzat. Datuek erakusten dute: iaz 20 bikote apuntatu ziren, eta 39 aurten. Beraz, parte-hartzaile kopurua kasik bikoiztu egin da.  

Antolatzaileek “pozarren” hartu dute izen-emateen igoera. Nabarmendu dute herrikoak direla gehienak, baina inguruko herrietako jokalariak ere animatu direla: Urnietakoak, Astigarragakoak...

“Oso aho-zapore ona” utzi zien aurreko edizioak antolatzaileei. Hori errepikatu gura dutela diote: “Dena primeran irten zen; hala jakinarazi ziguten behintzat jokalari guztiek. Aurtengoan ere horrela izatea nahi dugu”. 

Ordutegi eta norgehiagoka guztiak koadratzeak eman dizkie buruhauste gehien: “Mirariak egin behar izan ditugu ia, baina azkenean moldatu gara nola edo hala”. 

Padel pista berritua

Azaro hasieran padel pistako zorua aldatu eta berria jarri zuen Udalak. Antolatzaileen aburuz, “beharrezkoa” zen moldaketa egitea, aurrekoa “oso erabilia” zegoelako jada. 2011ko urtarrilean inauguratu zuten kantxa.

Gaur inauguratuko dutena II. Padel txapelketa izango da. 17:30ean Iñigok eta Mikelek Fernando eta Peñaren aurka jokatuko dute; 19:00etan Alex eta Iñakik Karmelo eta Pedroren aurka neurtuko dituzte indarrak. Azkenik, 20:30ean, Alvaro eta Cesar Xabi eta Aitorren aurka ariko dira.