Buruntzaldean 113 ikaslek atera dute gidabaimena euskaraz 2015ean

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ots. 2a, 20:14

Denera 113 ikaslek atera zuten gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz Buruntzaldean, pasa den urtean. Eskualdeko sei udaletako euskara zerbitzuek antolatuta, hamar autoeskolak hartu dute parte egitasmoan. Iragan astean 400 euroko 11 sari zozketatu ziren ikasleen artean, Lasarte-Oriako udaletxe berrian.

Izar Agirretxe (Izarra autoeskola), Mikel Gonzalez (Izarra) eta Andoni Amonarriz (Lasarte autoeskola) izan dira 400 euroko sariak irabazi dituzten herritarrak. Hiru saritu, herriko hiru autoeskolatan (Izarra, Lasarte eta Mugica) eskaintzen delako gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz egiteko aukera. 

Pasa den astean zozketatu zituzten aipatutako sari horiek, Lasarte-Oriako udaletxe berrian. Buruntzaldeako sei udalerrietako euskara zerbitzuek antolatzen dute egitasmoa urtero; seigarren aldia izan da aurtengoa. Guztira sei herri horietako hamar autoeskolak hartu dute parte. Banatutako sari kopurua herri bakoitzean dauden autoeskola kopuruaren araberakoa izan da.

Joan den asteko ekitaldian presente izan ziren Lasarte-Oriako euskara zerbitzuko teknikari Marifer Gorostiza, Hernaniko euskara batzordeko lehendakari Koro Etxeberria, autoeskoletako ordezkariak eta baita Buruntzaldeako euskara teknikariak ere. Etxeberriak ekitaldian jakinarazi zuenez, eskualdeko sei udalek (Hernanik, Urnietak, Astigarragak, Andoainek, Usurbilek eta Lasarte-Oriak) egitasmoa egiten jarraitzeko asmoa dute; maiatzan ekingo diote aurtengorako kanpaina zabaltzeari. 

2010ean baino hiru aldiz ikasle gehiago aurten

Buruntzaldeako udaletako euskara zerbitzuek 2010ean antolatu zuten ekitaldia lehenengoz. Urte horretan 34 ikaslek atera zuten gidabaimenaren atal teorikoa (formazioa eta azterketa) euskaraz. Hurrengo urtean ia bikoiztu egin zen kopurua; 60 pertsona animatu ziren. 
Hirugarren urtean, 2012an hain justu, gainditu zen lehen aldiz 100 ikasleen langa. Orduko horretan 112 izan ziren gidabaimena euskaraz atera zutenak. Hazkundeak jarraitu egin zuen 2013an; 135 izan ziren orduan. Orain arteko kopuru altuena 2014an erregistratu zen; 140 ikaslek egin zuten atal teorikoaren formakuntza eta azterketa euskaraz. Zifrek behera egin dute aurten, baina halere 100 ikasletik gora animatu dira, 2010. urtean baino hiru aldiz pertsona gehiago. 

Autoeskola hauetako batean burutu dute atal teorikoa euskaraz 113 ikasle horiek: Hernaniko Hernani, Lagunak eta Otamendin, Andoaingo Bengoetxea eta Mendin, Urnieta eta Usurbilgo Solozabalen edota Lasarte-Oriako Mugican, Izarran eta Lasarten. Sariak herrika banatu ziren; autoeskola bakoitzean ibilitako ikasleen txartelak udalerri bakoitzaren kutxan sartu ziren. Saritu denek aste honetan jasoko dituzte 400 euroak, herri bakoitzean antolatutako ekitaldietan.