Mikel Fernandino herritarra saritua Cafe Bar Bilbaoren gidoi lehiaketan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 2a

Mikel Fernandino herritarrak irabazi du Cafe Bar Bilbaok antolatutako Antzerki Laburreko XIII. Gidoi Lehiaketa, gaztelaniazko atalean. 'Un pequeño paso para el hombre' izeneko lana aurkeztu zuen.

“Google ondorengo 9075. urtean” kokatzen da istorioa, egileak azaldu lez. Lurra planeta erabat suntsituta dago leherketa nuklear baten ondorioz, eta lurtar batzuk 'Silosenovengo' planetara iritsi dira. Bertako biztanleek iraganeko tabernetako zabor-arrastoak artetzat hartzen dituzte, eta taberna horiek museo-liburutegi bihurtu. “Zientziaren erlatibitatea azken muturreraino eramaten saiatu naiz; gure ondorengoek guk utzitako zaborra besterik ezingo dute ikertu, eta biziki maiteko dute”, aipatu du.

Bi egilek irabazi dute gaztelerazko ataleko saria, Fernandinok berak eta Imanol Ituiño bilbotarrak, 'Ramper' lanarekin. Euskarazkoa berriz, Arantxa Iturbek, 'Lagunik onena' obra aurkeztuta. Aurtengo edizioan euskarazko 12 lan eta gaztelaniazko 35 aurkeztu dira denera. 1.200 euro jasoko ditu idazle bakoitzak; liburu batean eta Cafe Bar Bilbaoren zein Tartean Teatroaren web orrialdeetan argitaratuko dira euren lanak.

'Zerura eroria' antzezlana hilaren 25ean

Hainbat proiektutan murgilduta dago Fernandino. Besteak beste, hark idatzitako 'Zerura eroria' antzezlana estreinatuko du Anodino Teatroa konpainiak otsailaren 25ean, Leioan (Bizkaia). 

Lanbidez antropologoa da herritarra. Era berean, 'Colectivo Literario Gilles de Rai'-ren fundatzaileetako bat da eta 'Antes todo esto era campo' aldizkariaren editore ere bai. 

Hori gutxi balitz, 'El Pezpsiquiatra' musika taldeko kidea da. Iaz, 'Amor breve en un acto vandálico' obrarekin Alex Angulo eta publikoaren sariak irabazi zituen, Pabellon 6 aretoak antolatzen dituen Antzerki Arinaren III. jardunaldietan.