Bi urtez Euskal Herriko aretoetan zehar aritu eta gero, Lasarte-Oriara itzuliko da 'Ez gara Palestinaz ari' ikuskizuna. Oraingo honetan, Abend Kafe Antzokira. Emanaldiaren sortzaile diren Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariek horrela definitzen dute emanaldia: “Barruko sentimenduak plazaratzeko ariketa bat da; gure barneko desio, sekretu eta minak kontatuz, entzuleek dituztenekin konektatu nahi dugu”.
Hilaren 14an beste mota bateko konexioa ere egongo da, eszenatoki gainekoa hain zuzen, Xumelako kideek ere parte hartuko baitute ikuskizunean. Muñoa eta Lizarralde DBH institutuko musika-gelan egon ziren atzo arratsaldean, emanaldiaren pasarte bat koruarekin abesten eta ikuskizuna bera aurkezten.
Unai Muñoaren ustetan, euskaldunok “abilak” gara filosofia, politika eta antzeko gai batzuk lantzen, baina intimitatea aztertzerakoan “gabezia” gehiago ditugu: “Beti bizi gara kanpora begira, Palestinan, Sirian edota Euskal Herrian bertan gertatzen direnei buruz hitz egiten dugu etengabe, baina gutxitan jartzen gara ispiluaren aurrean gu geu aztertzen”.
Ikus-entzuleak, “hunkituta”
Makina bat aldi eta aretotan oholtzaratu dute emanaldia bi bertsolariek. Lizarraldek astelehenean aipatu moduan, emanaldian egindako ariketarekin “identifikatuta” eta “hunkituta” sentitu ohi dira ikus-entzuleak. "Pertsona bakoitza oso desberdina da, baina emanaldia taularatzen joan ahala konturatu gara gehienok, funtsean, kezka eta sentimendu antzekoak ditugula barnean", adierazi zuen bertsolari oiartzuarrak.
Hilaren 14an edukiko dute aukera herritarrek ariketa hori egin eta emanaldiaz gozatzeko, arratsaldeko zazpietatik aurrera Abend Kafe Antzokian. Sarrerak Abend zein Jalgi tabernetan jarriko dituzte salgai antolatzaileek egunotan, bost euroan.