Rioko Olinpiar Jokoetara begirako entrenamendu saioak eten eta asteburuaz ederki gozatu du Maialen Chourrautek; pare bat sari jaso ditu RFEP Espainiako Piraguismo Federazioaren eta Sabino Arana Fundazioaren eskutik. 2015ean burututako sasoi bikaina medio, hainbat erakunde ari dira herritarrak egindako lanari aitortza egiten.
Larunbatean RFEPren galan egon zen herritarra; 2015eko emakumezko piraguista onenaren saria jaso zuen bertan. Besteak beste, K1 modalitateko Europako txapeldun izan da, brontzezko domina jantzi du Rio de Janeiroko kanalean egindako test proba batean eta Rioko Olinpiar Jokoetarako plaza bermatu du, Londresko Munduko Txapelketan bosgarren denbora onena eginda.
Igandean berriz, Sabino Arana Fundazioak aitortu zuen Chourrautek egindako lan bikaina. 1988an sortu zituen erakundeak sari horiek, "gizarteari zerbitzatzeko borondate irmoagatik" nabarmendu diren pertsona, erakunde zein kolektiboei "omenaldi xume baina era berean irmoa" egiteko asmoz, antolatzaileek zehaztu moduan.
Rio 2016 buruan
Brasilgo hirian udan jokatuko diren olinpiar jokoetarako plaza bermatu zuen Chourrautek Londresko Munduko Txapelketan, baina ez berarentzat, Espainiako Federazioarentzat baizik. Horrek esan nahi du erabakitzeke dagoela oraindik zein piraguista ariko den Rion K1 modalitatean. Martxoan sailkapen-fasea jokatuko du herritarrak, bi asteburutan zehar, beste hiru piraguistarekin batera: Marta Martinezekin, Irati Goikoetxearekin eta Nuria Vilarrublarekin, hain zuzen.
Uneotan munduko ranking-eko hirugarren postuan dago herritarra, egindako denboraldi onaren adierazle gisara.
Pasa den urteko abenduan kirolari gipuzkoar onenaren saria ere jaso zuen Chourrautek, Gipuzkoako Kirol Prentsa Elkartearen eskutik. Era berean, Lasarte-Oriako Udalak ere iazko kirolari onenen zerrendan sartu zuen piraguista.