Astebete falta da egun handirako. Nola zaude?
Guztiaren gainetik, ilusioz gainezka. Gogo askorekin nago eguna iristeko, ea partidu ona egiterik dugun Ibai Zabala eta biok eta Tolosara joaten diren zaleei ikuskizun ona eskaini.
Elezkano II.a eta Ander Imaz izango dituzue aurkari.
Oso partidu gogorra aurreikusten dut. Elezkano lehen mailako aurrelaria da, oso fina, asko jokatzen duena. Atzelarien arteko dema orekatua ikusten dut. Ez da erraza izango, inondik ere.
Pilotan jokatzen duen ororen ametsa betetzear zaude.
Hala da, bai. Txiki-txikitatik kirol honetan gabiltzanok hori dugu erreferentetzat, jokalari profesionala izatera iristea. Egun gutxi falta dira partidurako, amets hori betetzeko. Ilusio askorekin nago.
Pilotari profesionala izatea ez da egun batetik bestera zerutik erori zaizun zerbait. Lan asko dago atzean, izerdi eta ordu asko. Inork ez dizu ezer oparitu.
Pilota oso kirol sakrifikatua da, eta indibiduala. Nahiz eta askotan bikoteka jokatu, azken finean norberak eraman behar du bere martxa, norberak entrenatu, zaindu eta ahalegindu. Ordu asko igaro ditut pilotalekuetan, entrenatzen eta jokatzen.
Momenturik okerrenak lesioekin etortzen dira. Oso gaizki pasatzen duzu hor, une latzak dira kantxatik at pasatzen dituzunak. Horregatik, bizitzear dudana orain arte bizitako eta pasatakoaren ordainsari gisa hartzen dut.
Hainbat urte geroago, Arteaga abizena profesional munduan da berriro. Zer esaten dizu familiak?
Oso-oso ilusionatuak daude denak, nire antzera. Etapa berri bati ekitera noala esaten didate eta, batez ere, gozatu dezadala honekin guztiarekin.
Ilusioa aipatu duzu behin eta berriro. Herrian ere arnasten da giro hori. Urtarrilaren 4an Tolosan ere antzeko zerbait biziko al dugu?
Horixe espero eta nahiko nuke, herritar ugari joatea frontoira, egun handiaz gozatzera. Kaletik ibili bitartean lasarteoriatar askok zoriondu naute, asko geratu dira nirekin hitz egitera eta horrek ere ilusio asko egiten dit.
Ea Lasarte-Oriatik zaletu asko eramatea lortzen dugun, denok elkarrekin partiduaz eta egunaz gozatzeko. Hori ederra litzateke.
Etapa berri hau hastearekin batera beste bat ixten duzu, afizionatu mailakoarena. Ez duzu nolanahi amaitu…
Pertsonalki, azkeneko bi urteak oso onak izan dira, azken hau bereziki. Bankoa-DV txapelketa afizionatu mailako garrantzitsuena da eta, jakina, oso-oso pozik nago lortutakoarekin. Bukaera bikaina da.
Oso gustura nago Zumarragan egindako jokoarekin. Partiduan ez nintzen urduri sentitu, egia esan. Aurkariak eta nire kide Murgiondok nerbioso ekin zioten norgehiagokari, baina gero egoerari buelta eman eta asko lagundu ninduen hark, partidu ona egin genuen. Urbietak eta Arratibelek ez zuten egunik onena izan.
Lasarte-Oriako pilotaren egoera bai dela ona. Profesionaletara zoaz zu, eta Intza KEko seniorrek 1go mailara igotzea lortu dute.
Zalantzarik gabe, ona da herriko pilotaren egoera. Ea bolada on onek gazte gehiago erakartzen dituen kirol honetara, ea inertzia hori aprobetxatzerik dugun.
Bestalde, herritarrak animatu nahiko nituzke datorren astelehenean Tolosako Beotibar pilotalekura etortzera. Ea denek egunarekin gozatu eta primeran pasatzeko aukerarik dugun.