Kirolak ez du etenik Eguberrietako festetan. Ez behintzat areto-futbolak. Ostadar SKTk Eguberrietako txapelketaren I. Edizioa antolatu du aurten. 22 taldek eman dute izena denera, Benjamin eta Kadete kategoria bitartekoek. Atzo eta gaur artean jokatu dute lehenengo jardunaldia, giro ederrean. Kirol horrek badu harrobia Lasarte-Orian.
Areto-futbola herrian egonkortzeko eta beste kirol alternatiba baten berri emateko helburuekin prestatu du Ostadar SKTk Eguberrietako txapelketa. Xede horiek betetze bidean daudela esan daiteke, hainbat taldek eman baitute izena lehiaketan. Michelingo kirol guneko kantxan eta Udal Kiroldegikoan jokatu dituzte atzo eta gaur artean lehenengo jardunaldiko neurketak.
Datorren asteburuan jokatuko dituzte geratzen diren neurketa guztiak: Urtarrilaren 2an, 3an eta 4an. Sariak azken egunean, 4ean banatuko dituzte antolatzaileek. Talde bakoitzak hiru neurketa jokatuko ditu gutxienez.