Danok Kide elkarteak Oria ibaiaren alboan duen egoitza jendez bete da gaurkoan, jaiotzen lehiaketako sari banaketa dela-eta. Antolatzaileek zehaztu dutenez, 18 lan aurkeztu dira denera aurtengo edizioan, eta 80 pertsona aritu dira lan ahalik eta ederrenak burutzen. Egindako ahaleginaren ordaina jaso dute gaurkoan horiek guztiek.
Lau kategoriatan lehiatu dute herritarrek. 6 eta 9 urte artekoan Gari eta Nikola Iraola anaiek irabazi dute bigarren saria, eta Jose Manuel Monje irakaslearen neska-mutil talde batek lehenengoa. 10 eta 13 bitartekoari dagokionean, Jose Manuel Monjeren ikasle talde batek eskuratu du bigarren postua eta ASPACEko ikasle batzuek lehenengoa. Sheila Serranok egin du jaiotza politena epaimahaiaren ustez 14 eta 17 urte bitartekoen kategorian; Jose Manuel Monjeren ikasle talde batek poltsikoratu du bigarren saria. Azkenik, 18 urtetik gorakoen kategorian Ana Barrerak irabazi du lehen saria eta Emilio Cruzek bigarrena.
Sari nagusia jaso duten herritar denentzat garaikur bereziak egin dituzte egur-tailan aritzen diren Javier Peñak eta Joxe Mari Telleriak. Epaimahaikideak Pilar Domingo eta Eva Lizarraga izan dira. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete parte-hartzaile denei, eta nabarmendu dute "denek" irabazi dutela lehenengo saria. Lehiaketan parte hartu duten guztiek eraman dute etxera sariren bat edo beste.
Irabazleen lanak Muebles Azpeitia zenaren erakusleihoetan daude ikusgai.