Lasarte-Orian eraso sexista bat gertatu dela salatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2015eko abenduaren 27a

Herrizaingo sailak jakitera eman duenez, herrian izaniko ustezko eraso sexista baten salaketa ikertzen ari da. Erasoa baieztatzekotan, herrian hiru astetan jazotako bigarrena litzateke. Hainbat hedabideren arabera, Eguberri eguneko goizaldean gertatu zen ikertua izaten ari den erasoa. Pertsona bat atxilotu du Ertzaintzak.

Lasarte-Orian izandako ustezko sexu eraso baten salaketa ari da ikertzen Ertzaintza, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailak baieztatu duenez.Era berean, jakinarazi du pertsona bat hartu dutela atxilo. Erasoa baieztatuko balitz, herrian hiru astetan jazotako bigarrena litzateke. Antza denez, orain ikertua izaten ari dena Eguberri eguneko goizaldean gertatu zen, hainbat hedabideren arabera.

Abenduaren 4an erasotua izan zen herriko emakume bat, etxerantza zihoala. Lasarte-Oriako Talde feministak jakinarazi zuenez, emakumeak aurre egin zion erasotzaileari. Era berean, salatu zuen erasotuak trabak izan zituela Ertzaintzan salaketa jartzerakoan. Abenduaren 9an elkarretaratze jendetsua egin zuten gertatutakoa gaitzesteko.