Gabon kantak Lasarte-Oriako kaleetan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko abenduaren 24a

Eguberri bezpera dugu. Gaurko gaua iristeko irrikitan daude etxeko txikiak. Olentzerok eskatutako opariak ekarri dizkien jakiteko ordu gutxi geratzen dira. Baina aurretik, Olentzerori eskutitza bidali ez dioten txikiek, berari zuzenean, Mari Domingiri edo Xixukori emateko aukera izango dute arratsaldean. Bitartean, eguraldia lagun, haur eta gaztetxo taldeak etxez etxe, dendaz denda dabiltza Gabon kantak abesten, baita herriko talde batzuk ere.

Zabaleta auzoko lagunak izan dira lehenak. Auzoko etxe eta inguruetako baserrietara bisita egiten ari dira Eguberri giroan auzoa murgilduz.

Landaberri ikastolako haur eta gurasoak Okendo plazatik hasi dute erronda. Jon Lasa eta hainbat trikitilarien laguntzaz erdialdeko kaleak alaitzen ari dira.

Ttirriki Ttarraka Musika eskolako lagunak ere erdialdean dabiltza kanta kantari.

Arratsaldean ere, beste bi talde izango dira kale eta baserrietara eguberri doinuak eramango dituztenak. Erketz EDTk baserrietan egingo du erronda eta Alboka Abesbatzak, berriz, Atsobakar Erresidentzian hasiko du ibilbidea eta herriko kaleetan ibiliko da. 

Goizeko taldeen argazkiak eta bideoak.

Eskutitzak emateko aukera

Olentzeroren etorreran ere parte hartuko du herriko abesbatzak. Gabon kantak abestuko ditu, Olentzero Okendo plazara hurbildu bitartean.

Izan ere, 16:45ean, Loidi-Barrengo pilotalekutik Olentzeroren harrerako kale jira aterako baita. Olentzero, Xixuko, Mari Domingi eta Porrotx egongo dira bertan, baita hainbat pertsonai mitologiko eta animali ere. 18:00etan, Okendo plazara iritsi eta harrera ekitaldi berezi bat izango da. Ostean, etxeko txikiek Olentzerori, Mari Domingiri edo Xixukori eskutitza emateko azken aukera izango dute.

Eskutitzak jaso ondoren, ikazkina eta bere lagunak gaur berezi honetarako azken prestaketak egitera joango dira.