Eguraldia lagun, lamia, basajaun, basandere, galtzagorriak... hainbat pertsonaia mitologiko jaitsi da mendietatik gaur gure herria. Arrazoia, Olentzeroren etorrera. Loidi-Barren pilotalekura hurbildu diren herritarrak hauekin nahastu ahal izan dira. Kuadrillategiko gazteak, Amaraun Klubeko txikiak eta gurasoek Olentzeroren zain izan dira eta ikazkinak ez du huts egin. Herritarrek bi suziri entzun ahal izan dituzte, herrira eta pilotalekura hurbiltzen zenaren seinale. Baina Olentzero ez da bakarrik etorri, Mari Domingi, Xixuko eta Porrotx ekarri ditu laguntzaile modura.
Galtzagorriz eta animaliez betetako bi karrozatan igo eta herriko kaleetatik barrena ibili dira lau lagunak.
Baina ibilbidea hasi baino lehen Kuadrillategiko lagunek rezibatukadarekin hainbat erritmo eskaini dituzte eta suziria botatzearekin batera, hemen ditu bere lehen pausoak kalejirak.
Ttirriki Ttarrakako lagunek haien doinuekin ibilbidea alaitu dute. Olentzero, Mari Domingi, Xixuko eta Porrotx Kale Nagusian eta Hipodromo Etorbidean zeuden haur eta gurasoak agurtu eta gozokiak ere bota dizkiete. Tajamar errotondan eta Okendon sartzean, rezibatukadak saiotxoak eskaini ditu.
Kale jira Okendo plazara iristean, galtzagorriak laguntzaile zituztela Olentzero, Mari Domingi eta Xixuko oholtzara hurbildu dira. Porrotx eta gainontzeko pertsomaia mitologiko eta animaliak bertan zeuden zain hiru lagunei harrera egiten. Herritar eta etxeko txikiek lau lagunekin argazkiak egiteko baliatu dute ibilbidetxoa.
Emanaldia
Baina ikazkina eta bere lagunak oholtzara igo baino lehen. Ttirriki Ttarrakako lagunek hainbat gabon abesti eskaini dituzte.
Porrotx, Xixuko eta Mari Domingiren abenturek dibertitu dituzte Okendo plazara gerturatutako haur eta gurasoak, Olentzero iritsi bitartean. Izan ere, eskutitzak jasotzeko zakuaren bila joan da ikazkina. Olentzerori egindako marrazkia erakutsi du Porrotxek, baina iseka egin diote haren laguntxoek eta, horregatik, apurtu egin du. Mari Domingik erakutsi du berea orduan, eta Porrotx oraindik minduta zegoenez mila zatitan puskatu du hori ere.
Bazirudien marrazki gabe geratuko zela ikazkina, baina Mari Domingik ongi gogoratu du sorgina dela bera, eta trikimailu magiko baten bidez marrazki politak berreskuratu ditu. Horren ostean, denek elkarrekin Olentzerori abestu diote galtzagorri eta arkumetxoekin batera. Han azaldu da ikazkina, plazako haur eta gurasoei zintzoak izan diren ala ez galdetu ostean eskutitzak jasotzera jaitsi da Xixukoren laguntzarekin.
Bien bitartean, bertso eskolako ikasleek euren trebezia erakutsi dute oholtza gainean. Bertsogintzak etorkizuna duela erakutsi dute denek. Horren ostean, Alboka abesbatzako kideen txanda izan da; euren ahots finekin hainbat kanta abestu dituzte ikusleen gozamenerako.
Ostean, Olentzerok eta Xixukok eskutitzak jaso dituzte, Ttirriki Ttarrakako lagunen doinuez lagunduta.
Kalejira eta emanaldiko argazki eta bideoak gure galerietan ikusgai.