Topikoak dioen moduan, finalak irabazi egin behar dira. Horixe egin zuten atzo Arteagak eta Murgiondok, 12-22 mendean hartuz Urbieta eta Arratibel. Baina, irabazteaz gain, joko-maila altua erakutsi zuten irabazleek, herriko aurrelariak bereziki. Sakez pare bat tanto egin zituen, eta jokaldiz 13. Urtarrilaren 4an profesional mailan debuta egin aurretik (17:00etan, Tolosako Beotibar pilotalekuan) aurkezpen-txartel bikaina sinatu zuen atzo Arteagak.
Hasiera berdindua...eta desoreka
Orekatua izan zen neurketaren hasiera; 5-5ekoa ikusi zitekeen markagailuan. Orduan iritsi zen partiduko inflexio puntua, balantza urdin koloreko kamiseta soinean zeramatenen aldera desorekatu zuena. Bederatzi tanto egin zituzten erreskan gerora txapeldun izango zirenek. Arteagaren sinadura zeramaten horietako askok: sakez bi, beste ezker gantxo ikusgarri pare bat eta ezkerkada bat txokora.
Urbietak eta Arratibelek ez zuten amore eman, finalera zergatik iritsi ziren erakutsi nahian. Pilota aldatu eta lau tanto egin zituzten segidan, partiduari emozio pixka bat emanez, 10-16.
Momentu horretan Arteagak hartu zuen berriro partiduaren lema, eta beste tanto-sorta eder bat eginez bikote gorriaren itxaropen denak zapuztu zituen. Azkenean, 12-22 gipuzkoar kutsua izan zuen finalean, kantxan aritu ziren lau pilotariak baitira probintzia horretakoak.
Debuterako prest
Aurreko ediziotan gertatu bezala, DV txapelketako irabazleren profesional mailan debutatuko du. Hori da Axierren kasua ere. Urtarrilaren 4an jokatuko du lehen partidua Asegarce enpresarekin, Tolosako Beotibar pilotalekuan, 17:00etan. Ibai Zabalarekin egingo du bikotea; Elezkano II.a eta Ander Imaz izango dituzte aurkari.