Eguberriari abesten

Txintxarri Aldizkaria 2015eko abenduaren 20a

Gabonak iristear dira, eta eguberrietako giroa nabari da dagoeneko Lasarte-Orian.

Alboka Abesbatzak, esaterako, Gabonetako kontzertua eskaini zuen larunbatean Brigitarren komentuan.
20:30etan hasi zen emanaldia, kapera herritarrez beterik zela. Berantiarrenek atzekaldean eta zutik gozatu behar izan zuten ikuskizunarekin.
Jatorri anitzetako gabon kantak abestu zituzten. ‘Ubi Caritas’ eliza abestiarekin hasi ziren, eta besteak beste, Dan Forresten ‘Arise, My Soul Arise’, ‘Noel nouvelet’ kanta herrikoi frantzesa eta ‘El cant dels ocells’ katalana abestu zituzten.

Euskarazko kantez ere gozatu zuten bertaratutakoek. ‘Haurtxoaren negarra’, ‘Birjiña maite’ eta ‘Non degu, non?’ hautatu zituzten.

Kontzertuari ‘Ukuthula’ abesti hegoafrikarrarekin eman zioten amaiera

Abesbatza Montse Latorrek zuzendu zuen, eta Amaia Dorronsorok jo zuen pianoa.

Aurretik, udaletxean

Kalean giro bikaina zegoela ikusita, Alboka abesbatzak kontzertuaren lagintxo bat erakutsi zuen herriko kalean. 20:00ak aldera, emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago, Udaletxe zaharreko aterpean abestu zuten.

Bertatik igaro ziren herritar batzuk ikusten geratu eta komentuko emanaldia ikustera gonbidatu zituzten.