Zeresan mediatiko handiko hauteskundeak izan dira 2015eko Espainiako Gorteetakoak. Hautagaien arteko eztabaidek sortutako eztabaidak eta inkestetako gorabeherek ez zuten ikuspegia argi uzten.
Gipuzkoan bezala, Lasarte-Orian ere Ahal Dugu-Podemos izan da alderdirik bozkatuena, 2.883 lasarteoriatarren konfiantza lortuaz, bozkatzaileen %28,17a.
Gure herrian parte hartzea %72,42koa izan da. Hortaz, ia hiru puntuko gorakada izan du orain dela lau urtekoen aldean.
2011koekin aldea
2011ko hauteskundeetan PSE-EE eta Amaiur izan ziren boto gehien lortu zituzten alderdiak. Oraingoan, berriz, beherakada nabarmena izan dute. Lehenek 2.541 boto lortu dituzte, duela lau urtebaino 768 gutxiago.
EH Bilduk, aldiz, 1.465 eskuratu ditu. Amaiurrek orduan baino 981 gutxiago.
EAJk eta PPk ere emaitza okertu dute. Lehenek 91 eta bigarrenek 592 boto galdu dituztela.
Ciudadanos lehen aldiz aurkeztu da, 486 boto irabazita. Unidad Popularrek, PACMAk, UPyDk, Recortes Cerok eta Libertate Nafarrak ere bozkak izan dituzte.
Lidergo aldaketa
Lehen aldiz, PSE-EE ez den alderdi batek lortu ditu boto gehien Lasarte-Orian. Gipuzkoako beste hainbat herritan antzeko joera eman da. Izan ere, Donostian, Eibarren, Pasaian, Irunen, Oreretan edota Andoainen Ahal Dugu izan da bozkatuena.
Halaber, Udal Hauteskundeetako emaitzak nabarmen hobetu dituzte, orduan baino 1.400 boto inguru gehiago lortuaz.
Ondorioz, Lurralde historikoan nagusitasuna eskuratu du Pablo Iglesiasek zuzentzen duen alderdiak. Nagua Alba zerrendaburuaz gain, Fernando Iglesias izango da Kongresuan. EAJko Joseba Agirretxea eta Iñigo Barandiaran ere egongo dira bertan, baita EH Bilduko Marian Beitialarrangoitia eta PSE-EEko Odon Elorza ere.
Senatua
Borroka estuagoa egon da Senatuari dagokionez. Ahal Duguko Josetxo Arrietak lortu ditu boto gehien Lasarte-Orian, baina PSE-EEko hiruak gertu izan ditu.
Gipuzkoari dagokionez, EAJ izan da garaile, eta aurkeztutako hiru hautagaiak, Maria Eugenia Iparraguirre, Victoriano Gallastegui eta Imanol Querejeta bertan izango dira. Ahal Duguko Josetxo Arrietak lortu du laugarren eta azken aulkia.
EAE eta Nafarroa
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, EAJk eskuratu ditu kongresukide gehien, sei alegia. Ahal Dugu-Podemos izan da bozkatuena orokorrean, baina eserleku bat gutxiago lortu dute. PSE-EEk hiru izango ditu, EH Bilduk bi eta PPk beste hainbeste.
Alderdi abertzaleek ez dute ordezkapenik eskuratu Nafarroako Foru Erkidegoan. UPN-PPk bi izango ditu, Ahal Duguk beste bi eta PSNk bakarra.
Hala, aldaketa nabaria da orain dela lau urteko egoerarekin alderatuta. Orduan Amaiur izan zen Hego Euskal Herrian eserleku gehien eskuratu zituen alderdia, zazpirekin. UPN-PPk, PSE-EE/PSNk eta EAJk bost lortu zituzten bakoitzak, eta Geroa Baik bakarra.
Ziurgabetasuna Espainian
Alderdi Popularrak irabazi ditu hauteskundeak Espainian, 123 kongresukiderekin. PSOEk 90 eskuratu ditu, eta Podemos eta bere aliatuek –En Marea, En Comú Podem eta Compromis – 69. Ciudadanosek, aldiz, 40.
Ez dago garbi oraindik Gobernuko presidente nor izango den. Hauteskundeak errepikatu behar izateko beharra egon liteke, akordiorik ez balego.
Urtebetean, Legebiltzarra
2016ko udazkenean herritarrek Eusko Legebiltzarraren osaketa hautatu beharko dute eta, ondorioz, bertatik aterako den Lehendakaria eta Jaurlaritzako Gobernua.
Jakiterik ez dago zenbateraino estrapola daitezkeen igandeko datuak, baina hemendik aurrera gertatutakoa eta Madrilen hartutako jarrerak erabakigarriak izan daitezke.