Eva Crespo herritarrak kulturismoa bizimodu

Iñigo Gonzalez Sarobe 2015eko abenduaren 22a

Gorputza landu eta zaintzea gero eta ohikoagoa bilakatzen ari da gaur egungo gizartean. Askorentzat zaletasun edo 'hobby' bat gehiago den hori bizitzeko modu bat da beste hainbatentzat. Eva Crespo herritarrarentzat, adibidez. Espainiako txapelduna izan da aurten, zortzi urte konpetitu gabe egon ostean. Alberto Gonzalez senarrarekin gimnasioan egindako lanak eman ditu fruituak. “Jendeak pentsa dezakeenaren kontra, entrenatzeak dauka garrantzia gutxien beharbada kulturismoan”, dio Evak. Hortxe zaletasun eta bizimodu baten arteko desberdintasuna.

Niretzako entrenatzen dut, benetan gustuko dudalako kirol hau. Ez dut egiten arrazoi estetikoengatik, kaletik joan eta giharrak erakusteko, jendeak ni begiratzeko. Konpetidore bat naiz, oholtza gainean ematen dut nire onena, bertan erakusten dut erakutsi beharrekoa”. Kulturismoa du bizimodu Eva Crespo herritarrak. 

Aurten ekin dio konpetitzeari berriro ere, eta ez zaio batere gaizki joan: Espainiako txapelketa irabazi du, hamar urtez lehiatu gabe egon ondotik. 2015ean egindako kirol merituengatik bi sari jaso zituen pasa den asteburuan: IFBB Euskadi federazioarena batetik eta Lasarte-Oriako Udalarena bestetik. 

Espainiako txapelduna izan zara berriro, hamar urtez bertan konpetitu gabe egon ostean. Zer esanahi dauka lortu duzunak zuretzat?

Ez nuen inondik espero berriro Espainiako txapelduna izatea, egia esan. Egindako lan gogorraren saria izan da. Ilusio ikaragarria egin dit. 

Urte asko pasa ditut oholtzetatik at. Nire buruari erakutsi diot, horrenbeste denbora igaro eta gero, helburu jakin bat bete nahi duenak lortu dezakeela, baldin eta benetan hori nahi badu. 

Zerk piztu dizu berriro ere lehiatzearen harra?

Lehen aipatu bezala, denbora asko igaro dut konpetitu gabe. Tarte horretan ama ere izan naiz. Jakina, hasierako urte horiek alabari eskaini dizkiot; uste nuen konpetitzearen aroa erabat itxi nuela. 

Garai horretan Castellonen bizi ginen. Hona itzultzean, gimnasio batean hasi  nintzen lanean, eta orduan piztu zitzaidan berriro entrenatu eta konpetitzeko grina. Apurka-apurka ekin nien lan saioei berriro, dinamika horri ekin eta hemen nago orain.

Espainiako txapelketa jokatu baino 11 egun lehenago egin zenuen 'debuta'.

Maiatzean erabaki nuen konpetitzera bueltatuko nintzela. Urrian Castroko Openean hartu nuen parte. Alberto senarra da nire prestatzailea, eta bioi gustatzen zitzaigun moduan joan ginen bertara: ‘lehor eta gogor’. Bigarren geratu nintzen bertan.

Proba amaitzean, epaileek beraiek esan ziguten nire giharrak apur bat suabeago aurkeztu behar nituela, ez horren definituta. Entrenamendu plan berezi bat prestatu zidan senarrak helburu hori lortzeko, eta horrela joan nintzen konpetitzera.

Hamar urteren buruan, titulu berri bat gehitu duzu palmaresera. Zure ibilbidea bezain zabala da ia.

Espainiako lau txapelketa irabazi ditut, Euskadiko hainbat ere bai, 2003an NABBA Kulturista Amateurren Elkarte Nazionalak Miss Universo saria eman zidan, urte horretako munduko txapelketan bosgarren postuan geratu nintzen… Ezin naiz kexatu.

Hori bai, palmares zabala edukita ere, oso-oso zaila da kulturista izatetik bizitzea. Nazio mailan zer esanik ez. Kirol minoritario bat da, masa eta diru gutxi mugitzen ditu; Espainiako txapelketa irabazteagatik sos bakar bat ere ez didate eman. Konpetitzea garestia da oso, bikiniak, takoiak eta osagarri denak zure poltsikotik ordaindu behar izaten dituzu, gainontzeko gastuak ere bai askotan.

Nire kurrikulumarekin, AEBtan bai izan zaitezkeela profesionala. Aukera gehiago daude han, baina bidaiaz gain, hasieran bidea ireki behar duzu, zure izena zabaldu… Aipatutako guztia balantza batean jarri eta gero, beti atera izan dudan ondorioa izan da ez didala merezi horrek denak profesionala izaten saiatzearren.

Profesionala ez bazara ere, haiek bezala zaintzen zara. 

Kulturismoan garrantziaren %70a, gehiago ez esatearren, elikadurak dauka. Jaten duguna gara. Kirol oso bisuala da, epaileek gorputzak eta giharrak baloratzen dituzte. Ez da futbolean bezala adibidez, golak sartuz gero eta errendimendu ona emanez gero ez da horrenbeste kontuan hartzen zertxobait gizenago zauden ala ez. Nik pisatu egiten dut egunero jaten dudana, otorduak oso markatuta ditut, jan behar dudana ere bai. Behar bezainbeste ordu lo egitea ere funtsezkoa da.

Senarrak eta biok urte osoan zehar egiten ditugu etxeko lanak, grasa portzentaje oso baxua mantentzen dugu beti. Modu horretara, konpetitzeko prestaketa egin behar duzunean askoz ere gutxiago kostatzen zaizu dinamikan sartzea. Bi fase ditu denboraldiak: udaberritik uztailera artekoa batetik, eta irailetik azarora bitartekoa bestetik.

Jende askok pentsatzen duenaren kontra, entrenatzen pasatzen dituzun orduak izango dira seguru asko kulturista batek zaindu behar dituen aspektuen artean garrantzia gutxien dutenak.

Gertukoa duzu entrenatzailea; Alberto Gonzalez senarrak prestatzen zaitu.

Bai, hala da. Talde bikaina osatzen dugu. Bikotea baldin baduzu, funtsezkoa da hura ere mundu horretan sartuta egotea, kirol oso sakrifikatua baita. Zure bizitzeko era ulertu eta partekatzen ez badu, seguru asko hautsi egingo da erlazioa. 16 urte daramatzagu elkarrekin, batak bestea laguntzen.

39 urte dituzu eta 20 daramatzazu kulturismoaren munduan murgilduta. Bizitza erdia baino gehiago.

Konpetitzea proposatu zidaten lehenengo aldian ia ez nekien 'body fitness' delakoa zer zen ere.

Herriko boleibol taldean jokatzen nuen gaztetan; egun batzuetan alor fisikoa lantzen genuen, kiroldegiko gimnasioan. Garai horretan halterofilian aritzen ziren zenbait kirolari giharrak lantzen. Ikusmira sortu zitzaidan, horrela hasi nintzen ni ere pesak eta antzekoak altxatzen. Gustatu zitzaidan, gero eta gogorrago hasi nintzen entrenatzen eta gaur arte. Bestalde, genetikoki ere niretzako kirol aproposa dela uste dut, nire giharrak azkar garatzen baitira. 

Gustatzen zaidalako entrenatzen dut, ilusioz egiten dut eta asko atsegin dut. Ez dugu gorputza lantzen gero giharrak kaletik erakusten joateko edo ispilu aurrean argazkiak ateratzeko. Bizi-estilo bat da, filosofia bat. Eliteko atletak gara, profesionalak ez garen arren, izango bagina bezala zaintzen gara. Konpetidoreak gara, eszenatoki gainean erakusten dugu erakutsi beharrekoa. Zoritxarrez, estereotipoz jositako kirol bat da.

Zer zentzutan?

Alde batetik, arestian aipatutako kontzeptu hori. Jende askok uste du kulturista garela lausenguak jasotzea eta kaletik giharrak erakusten joatea gustatzen zaigulako. Kirol hori egiten dugun guztiok sartzen gaituzte multzo berean eta ez da bidezkoa. Egia da gorputza zaintzea modan jarri dela gaur egun, belaunaldi gazteen artean batez ere. Ezin da orokortu noski, baina arrazoi estetikoengatik joaten dira asko gimnasiora, sare sozialetan euren argazkiak erakusteko gero, eta gainontzekoek ikusteko zeinen gihartsu eta ongi dauden. Kulturismoa bizimodu erara ulertzen dugunok ihes egiten dugu estereotipo horretatik.

Bestalde, produktu kimikoen afera ere presente dago. Kritikatzea eta jakin gabe hitz egitea oso erraza da. Berriro ere, denok multzo berean sartzen gaituzte. Nik denera 20 urte daramatzat kirol diziplina horretan murgilduta, egunero-egunero zaintzen eta dagokidan egunetan entrenatzen. Baina beno, horrekin ere bizi beharra dago, zer egingo diogu ba. 

Estereotipoak ere oso presente daude elikaduraren alorrean. Zaindu egiten naiz, bai, baina denetik jaten dut: pasta, arroza, barazkiak, arraina... Kontua da otorduak eta jakiak behar bezala orekatzea. Jende askok galdetu ohi dit, 'dietan zaude?'. Ni ez nago dietan, ez dut horrela jaten denbora tarte batez eta kito. Gure gizartean dietatzat hartzen dugu, baina horrela jan beharko genuke benetan osasuntsu egoteko. Eta are gehiago esango dizut.

Bota.

Orokorrean oso gaizki jaten dugu. 'Fast food' eta antzekoek kalte asko egiten dute. Mediterranear dieta daukagu hemen eta ez dugu aplikatzen kasu askotan.

Ongi jatea ona da denerako: osasuntsu egoteko, azalerako, bizi-kalitatea hobea eta luzea izan dadin... Horrek ez du esan nahi norberak bere kapritxoak hartu ezin dituenik, nik ere horrela egiten baitut. Gure alabaren kasuan ere berdin, batek baino gehiagok galdetu izan dit ea txokolatea eta antzekoak ematen ote dizkiogun edo ez. Nola ez dizkiogu emango ba? Ume bat da, haur arrunt bat, gurasoak asko zaintzen badira ere ez da espezie arraroren bat edo horrelako zerbait.

Guk erakutsi nahi dioguna da egunero litxarreriak jatea kaltegarria dela, elikagai guztiak kontsumitu behar direla neurriz eta oreka mantenduz. Ez dugu kulturismoan sartuko guk kirol hori egiten dugulako, etorkizunean erabakiko du berak zer nahi duen. 

Beste hainbat pertsonari ere ematen diozu aholku egunero, entrenatzaile pertsonala baitzara ofizioz.

Senarrak eta biok aholkularitza kabinete bat jarri genuen martxan duela urte batzuk, 'Norteam' izenekoa. Hainbat kirolari prestatzen ditugu bertan; horietako batzuek konpetitu egiten dute gero. Horiek dira 'Norteam' taldea osatzen duten kirolariak.

Bestalde, baditugu baita ere beste hainbat bezero ez dutenak konpetitu nahi edo kulturismoan murgildu nahi; elikadura ohitura egokiak barneratu nahi dituzte eta forman egon, besterik gabe. Denera 30 bat ditugu. 

Nutrizioaren kontzeptua ere gero eta hedatuago dago gizartean, ezta?

Bai, baina arretaz jokatu behar da horrekin. Gaur egun 'sasinutrizionista' asko dago, behar bezainbeste formatu gabe dieta pertsonalizatuak eta horrelakoak prestatzen dituztenak. Guk beti aholkatzen dugu begiratu eta informatzeko kontratatzen dituztenen titulazioari buruz. 

Beste hainbat esparrutan gertatzen den bezala, poltsikoari begiratzen diogu askotan nutrizionista baten eskutan jartzerakoan. Garestiago kobratzen dutenek zerbaitengatik egingo dute seguru asko. Formatzen ordu asko igaro ditugu senarrak eta biok, badakigu zertaz ari garen. Orain merke ordaintzen duzuna garesti aterako zaizu etorkizunean, seguru asko.

Etorkizuna aipatu duzula baliatuz, zeintzuk dira zure asmoak 2016rako?

Konpetitzeari dagokionean, datorren urteko maiatzean Europa ekialdeko herriren batean jokatuko den Europako txapelketa daukat buruan.

Nire ogibideari dagokionean, gaur egungo bezero kopurua mantentzea gustatuko litzaiguke eta, zergatik ez, ahal bada handitu ere bai. Entrenatzaile, atleta eta pertsona hobea izan nahi dut egunero, formatzen eta gauzak ikasten jarraitu. 

Bestalde, ez nuke elkarrizketa bukatu nahi nire ibilbidean zehar bidelagun izan ditudan pertsonei eskerrak eman gabe, Ana Apalategiri bereziki. Baita ere familiari, senarrari bereziki, emandako laguntza guztiagatik. Etorkizuna ilusio handiz ikusten dut, hurrengo denboraldiari ekiteko irrikitan nago.