Kaleak eta tabernak herritarrez beteko dira larunbat honetan. Kalera Fest jaialdia lehen aldiz ospatuko da Lasarte-Orian, eta mota guztietako ekitaldiak antolatu dituzte. Asmoa kaleko giroa eta ostalaritza sustatzea da.
Goiz koloretsua
11:00etatik aurrera hasiko da festa. Haur eta nerabeek muralak margotzeko aukera izango dute. Graffity-ekin esperimentatzeko aukera ere egongo da, kalean zehar arituko baitira 'graffiteroak'. Ordu berean, patinaje tailerra egingo dute Okendo plazan.
Eguerdi aldera, 12etatik 13tara, zunba dantzatzeko parada egongo da Okendon, baita 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako jolasak.
Arkupe tabernan bermua hartuko dute Txalagore txalaparta taldeak girotuta.
Musika arratsaldean
Irrien Lagunaken eskutik puzgarriekin gozatuko dute haur eta nerabeek 16tatik 18etara Okendo plazan. 17etan Elurtza tabernan Tonny magoaren emanaldia izango da.
Kontzertu eta musika eskaintza zabala egongo da arratsalde osoan zehar. 13:30etan hasita, txarangak alaituko ditu herriko kaleak. Beranduago, Kuadrilategi eta Dinbi Banda batukadak arduratuko dira perkusio erritmoekin herritarrak dantzan jartzeaz.
Okendo plazan, Landaberri Institutu aurrean (REM), kale Nagusian, Andatza plazan eta Sagardotegi kalean, besteak beste, estilo askotako kontzertuak egingo dituzte.
Liher eta Labrit bakarlariak arituko dira 18tatik aurrera Okendon. Punk doinuak egongo dira Sagardotegi kalean, BHRoja, Arrotzak eta The Garax taldeen eskutik. Kale nagusian, blues eta rock estiloak jorratuko dituzte Borjita Blues-ek eta Rock Kambrom-ek. Landaberri Instituaren aurrean, 'Moshcore Crew' izeneko karpa jarriko dute. Hardcorea joko dute Drop, Lionhead, Keep Diggin eta Thanks To Losers taldeek.
Tabernetan ere zenbait kontzertu izango dira. Usoak tabernan The Roof eta Capitan Siz talde akustikoen emanaldia izango da 17etan. Buenetxean, 22:30etatik aurrera Baton Rouge Brothers Blues arituko dira. Jalgi Kafe Antzokian, berriz, Ever Level metal bandak astindu araziko ditu buruak 23etan.
Gau luzea aurretik
Kontzertuak amaitzean, DJen txanda helduko da. Violadores del Verso hip hop talde famatuko kide den Sho Hai arituko da Abend Kafe Antzokia girotzen 00:00tan. Garoa tabernan DJ Plan Kunta-Kunta egongo da Reggae-a ipintzen. DJ Manu 16VV-k, aldiz, punka jarriko du Trumoien eta Julen K DJ-ak elektronika Insaustin.
Halaber, DJ Iker Gastesi arituko da Usoak tabernan, DJ Blami Siglo XX-n eta DJ Lucky Andatza plazan.
Entzun eta dantzatu beharrean abesteko asmoa duenarentzat karaokea antolatu dute Buenetxea tabernan.
Ostalaritza eta kultur eskaintza sustatuz
Alkate Jesus Zaballosek azaldu du "ostalaritza sustatzeko tabernetan bertan antolatu behar direla ekintzak". Izan ere, "herriko merkataritza berpizteko" zenbait proiektu abian jarri dituzte, baina azpimarratu du herritarrak denda eta ostatuetara gerturatzea dela "gakoa".
Bestalde, antolatzaileek, "herritik bertatik kultur eskaintzak antolatzea posible dela" nabarmendu dute. Kalera fest aurten egingo dute lehenengo aldiz, baina espero dute azkena ez izatea, urteroko jaialdia baizik.