Igandean, hilaren 20an, Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeak egingo dira. Azken txanpan direla, alderdi batzuetako ordezkariak herritarren bozken bila aritu ziren asteazkeneko merkatuan.
Elorza eta Egiguren
Ohi bezala, larrosak banatu zituzten PSE-EEko kideek. Alderdiko zinegotzi eta Lasarte-Oriako alkate Jesus Maria Zaballos bertan izateaz gain, erakundeko bi aurpegi ezagun izan ziren: Odon Elorza eta Jesus Egiguren.
Lehena, Kongresurako Gipuzkoako PSE-EEko hautagaia da, azken lau urteetan bertan igarotakoa, eta aurretik Donostiako alkate izandakoa. Bigarrena, PSE-EEko presidente izan da 2002tik 2014ra eta Legebiltzarkidea 29 urtetan.
Egunotan, “Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren arteko elkar ulertzea bultzatuko” duela azpimarratu du Elorzak.
EAJ
Lasarte-Oriako EAJko kide Estitxu Alkorta eta Jon Antxordoki ere merkatuan izan ziren. Informazioa eta hauteskunde opariak banatzeaz gain, bere alderdiaren programa azaltzeko aukera izan zuten.
Kongresurako Gipuzkoako EAJko hautagai Joseba Agirretxeak “euskal autogobernua defendatzeko biderik onena” bere alderdiari bozka ematea azaldu du azken astetan egindako agerraldietan.
Inkestak
Inkesta gehienen arabera, Gipuzkoan EH Bilduren eta EAJren arteko lehia egongo da azken momentura arte, lehenek abantaila dutela. Ahal Dugu-Podemos eta PSE-EEk ere ordezkaritza lortuko lukete, eta baliteke PP kongresukide gabe geratzea.