Eraso sexista salatzeko elkarretaratzea

Txintxarri Aldizkaria 2015ko abe. 29a, 20:45
Beste behin ere Lasarte-Oriako herritarrak gure herrian jazotako eraso sexista baten aurka bildu dira Okendo plazan.

'Eraso sexistarik ez! Nahikoa da! Autodefentsa feminista' lelopean batu dira herritar eta hainbat alderdi politikoetako kideak lehengo astean gertatutako eraso sexista gaitzesteko. Ordu erdiko kontzentrazioaren ostean, Lasarte-Oriako Talde Feministako kide Irati Bordagaray eta Inge Mendiorozek komunikatu bat irakurri dute. Gogorarazi dute hiru astetan gertatu den bigarren erasoa izan dela: "Haserre eta amorratuta gaude. Kaleak eta gauak gureak dira, erantzuna guztiona; autodefentsa feminista aldarrikatzen dugu". Era berean, zehaztu dute oraingo honetan bertsio ofizialaren berri besterik ez dutela izan.

Udalaren gaitzespena

Bestalde, Lasarte-Oriako Udalak ere abenduaren 19an jazotako gertakariaren aurkako oharra helarazi die komunikabideei. Honetan, emakumeen askatasunaren aurkako edozein eraso sexista gaitzesten duela adierazi du.

Era berean, gertakaria lehenbailehen azaltzea eta epaileek erasoa onesten badute, erruduna zigortu izatea espero du Udalak. Izan ere, Udalak jakitera eman duenez, ustezko erasotzailea aske geratu da fidantza gabe, baina karguekin.