Gabonetan ekintzak etxeko gaztetxoentzat

Txintxarri Aldizkaria 2015eko abenduaren 18a

Amaraun Klubeko lagunak ekintzaz ekintza dabiltza. Aste honetan, taloak nola egin ikasi dute, baita maitasuna nola kudeatu ere. Hurrengo astean, Olentzeroren etorrera prestatzeko ekintzak izango dituzte. Baina ez dira ekintza berezia izango duten bakarrak, Gazte Klubeko lagunek ere abenduaren 22 eta 23ean flashmoba grabatuko baitute.

San Tomas eguna gertu dela eta, Ttakun K.E.ko Amaraun Kluba eta Solaskide egitasmoen eskutik, lasarteoriatar multzo batek taloak egiten ikasteko aukera izan zuen asteartean Arrieskalleta elkartean.

Bi saiotan, ume zein helduak bildu ziren elkartean eskuak irinetan sartu eta San Tomas azokako talogile taldearen laguntzaz norbere taloak egitera.

Arratsalde atsegina pasa zuten eta gustura aritu ziren, nahiz eta batzuei kosta egin zitzaien arto irina ondo zapaltzea. 

Dena den, lana ongi egin eta gero jaso zuten sari bikaina: txistorra taloa txokolate edota gaztarekin.

Maitasuna kudeatu

Bestalde, astelehenean, sentimenduak kudeatzen laguntzeko ipuin-kontaketa bildumaren azken saioa izan zen Amaraun Ludotekan.

Haserrea eta beldurraren sentimenduak landu ostean, maitasunaren txanda zen. 

Horretarako, 'Ezetz asmatu zenbat maite zaitudan' liburua irakurri zuten lehenik. Haurrek adi-adi jarraitu zuten kontakizuna. 

Jarraian, ipuinean entzundakoa landu zuten eta horretarako jolasa eta eskulanak egin zituzten. Eta etxera lasaijoateko, masaje batekin amaitu zuten saioa.

Olentzeroren harrera

Hau guztiaz gain, Amaraun eta Gazte Klubeko lagunek  Eguberrietako oporrak ederki hasteko ekintza bereziak izango dituzte.

2 eta 8 urte arteko txikiek  bi tailer izango dituzte, Olentzeroren etorrera jaialdiko kale jirari begira. Baina antotzaileek nabarmendu bezala, horrek ez du esan nahi, kale jirara joan ezin dutenek ekintza hauetan parte hartu ahal ezin dutenik.

Abenduaren 22an, asteartean, kriseiluak egingo dituzte eta asteazkenean, berriz, 2016 urterako ametsak.

Hauek egiteko materiala etxetik eraman beharko dute txikiek. 2016 urteko ametsak prestatzeko kartoizko kutxa bat eraman beharko dute; kriseiluetarako, aldiz, hurrengo egunetan zehaztuko da erabili beharreko edukiontzia.

Flashmob

Egun beretan, abenduaren 22 eta 23an, Gazte Klubeko gaztetxoek Euskararen Egunean, abenduaren 3an, eguraldi txarragatik bertan behera geratu zen flashmobaren grabaketa egingo dute.

Esne Beltzaren 'Euskaraz bizi nahi dut' doinuaren erritmora egingo dute dantza hurbiltzen diren gazte guztiek.

Ekintzak goizez

Haurrak oporretan daudela aprobetxatuz, hiru ekintzak goizez izango dira. 

Amaraun Klubeko tailerrak 11:00etatik 12:30era izango dira Ludotekan.

Gazte Klubeko Flashmobeko ordutegia zehaztu gabe dago oraindik. Hala ere, hitzordua Ludoteka kanpoan izango dela aurreratu dute antolatzaileek.