Aisialdia eta euskara uztartuko dituzte GurasoLekun

Txintxarri Aldizkaria 2015eko abenduaren 4a

Gurasoak euskalduntze bidean, ekimen berria antolatu dute Lasarte-Oriako Udalak, Ttakun Kultur Elkarteak, AEK Muntteri euskaltegiak, Landaberriko Guraso Elkarteak eta Sasoeta-Zumaburuko Guraso Elkarteak. Bi urteko haurren gurasoei zuzendua dago eskaintza.

Haurrak eskolak dauden bitartean, gurasoek euskara eskolak eman ahal izango dituzte, bereziki, seme-alabekin ematen diren egoera komunikatiboak landuz. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, umeek hizkuntzarekiko ikuspegia hobetuko dute aita-amek euskara maila hobetuz gero.

Eskolak ikastetxean bertan egitea zen hasierako asmoa, baina AEK Muntteri euskaltegiak Geltoki kalean duen lokalean egingo dute. Izan ere, gurasoentzat erosoagoa suertatu da modu horretan egitea.

Halaber, Solaskide ekimenaren antzekoa antolatu dute parte hartzen duten gurasoentzat, GurasoLagun izenekoa. Euskaraz hitz egiteko ohitura duten gurasoak ohitura ez dutenekin elkartzea da helburua.

Aisialdiak ere bere lekua izango du GurasoLekun. Gurasotegiko eta GurasoLaguneko  parte hartzaileak hilabetean behin elkartuko dira eta aisialdi ekintzak egingo dituzte. Batetik, tarte atsegina igarotzea izango du helburu eta, bestetik, euskararekin gozatzea.

Landaberriko 30 gurasok eta Sasoeta-Zumaburuko 15ek eman dute izena orain arte.

Abenduak 3ko eskola bereziak

Euskararen Nazioarteko Egunean eskola berezia izan dute AEK Muntteri euskaltegiko ikasleek. Helburua ikasten ari diren hizkuntza erabileraren ikuspegitik aztertzea da. Horretarako, irakasleek bideo batzuk proiektatu dituzte. Zenbait jenderen lekukotasunak entzun eta horiei buruzko gogoeta egin ondoren, taldetan eztabaidatu dituzte.

Ikasle ohien esperientziak ezagutzeko parada izateaz gain, euskara menperatzeak euren eta ingurukoen bizitzetan izan duen eragina aztertu dute. Azkenik, urte betean aurrera pausoa emateko konpromisoa hartu dute. Hau da, egunerokotasuneko arloren batean euskara maiztasun handiagoarekin erabiltzeko urratsa emango dute.