Asteburu intentsoa izan zen aurrekoa Iñigo Ibarburu Buruntzaldea IKTko igerilariarentzat. Espainiako Neguko Txapelketan aritu zen, Gijonen; ez zuen lortu marka pertsonal berririk ezartzerik, baina bikain aritu zen jokatu zituen proba denetan.
Ostiral arratsaldetik igande arratsaldera arte jo eta su aritu zen Ibarburu. Lehen egunean 100 tximeleta proban aritu zen, 200 tximeletan larunbat goizean eta igandean, 100 libreak goizean eta 50 tximeleta arratsaldean.
Herritarrak denbora onak egin zituen proba denetan. 100 tximeletakoan haren marka onenetik (55" 70) oso gertu geratu zen, 56''57an geratuz kronometroa. 200 tximeletakoan, 2' 07"07 denbora puska egin zuen Ibarburuk, 53"08 100 librean eta 50 tximeletan berriz, 25"60.
Kalitatezko entrenamendua
"Denboraldiko zein unetan gauden eta txapelketa prestatzeari eskaini diogun denbora kontutan hartuta, uste baino hobeto aritu da Ibarburu proba denetan. Oso gustura bueltatu gara GIjonetik", azpimarratu du Borja Apeztegia entrenatzaileak. "Distantzia guztietan bere maila onenetik oso-oso gertu ibili da; ez dago haren onenean oraindik, baina oso txukun lehiatzen jakin du Iñigok", gehitu du. 1997an jaiotakoa da igerilari gaztea. Haren adinekoen artean 6. izan zen 100 tximeletan, 5. 200 tximeletan, 12. 100 librean eta 5. 50 tximeletan.
Kategoriaz aldatu du Ibarburuk aurten; absolutu gaztea da aurten. Apeztegiaren aburuz, "sailkapenetan esker gutxikoa" da kategoria hori: "Absolutuen baitako kategoria da hori eta, beraz, berriro ere atzetik aurrerantza aritu beharko du Ibarburuk".