Brasilen dago Maialen Chourraut herriko piraguista, Rio de Janeiro hirian, datorren urteko abuztuan bertan jokatuko diren Olinpiar Jokoak prestatzen. Test bat burutu zuen pasa den asteburuan eta hirugarren postua eskuratu zuen, baita brontzezko domina ere, K1 modalitatean.
26 herrialdetako 122 palistak hartu zuten parte proba horretan. 2016ko Olinpiar Jokoak gero eta gertuago daude, eta kirolariek ez dute denborarik galdu nahi, ezta herritarrak ere.
Sailkapen errondan denbora onena egin zuen Chourrautek, eta bigarrena finalerdietan. Finalean ere hark egin zuen denbora onena berez, baina piraguarekin ate bat ukitu zuenez bi segundoko penalizazioa ezarri zioten epaileek. Gauzak horrela, Violetta Oblinger austriarraren eta Katerina Kudejova txekiarraren atzetik geratu zen herritarra, irabazlearengandik 1"93 segundora.