Azpeitiako Organeriak eraiki zuen Brigitarren komentuko organua, 1915ean. Mendeurrena bete du aurten instrumentu horrek, eta egin ahal zitzaion omenaldi onena jaso zuen atzokoan: Organo eta ahots errezitaldi bat.
Danok Kide elkarteak XI. Musika Topaketak antolatu ditu aurten, eta egitarauaren barnean zegoen atzoko emanaldia. Hainbat herritar gerturatu ziren komentura ikuskizunaz gozatzera. Organua goiko gela batean dagoenez, Udalak utzitako pantaila bat jarri zuten antolatzaileek, eta emanaldia zuzenean bideoz grabatu, ikusleek eroso ikus zezaten emanaldia.