Jardunaldi beltza Ostadarreko futbol taldeentzat

Txintxarri Aldizkaria 2015ko abe. 6a, 20:56

Bukatu berri dena ez da jardunaldirik onena izan Ostadar SKTren futbol taldeentzat. Jubenilen I. mailako taldeak soilik lortu du irabaztea, 2-1 Euskaldunaren kontra. Ohorezko Erregionalak bana berdindu du Martuteneren aurka, eta galdu egin dute gainontzeko guztiek.

Ohikoa baino luzeagoa den asteburu hau hausnartzeko baliatu beharko dute Ostadar SKTren futbol talde gehienek. Jubenilen I. mailakoek lortu dute soilik 3 puntuak poltsikoratzea, Andoaingo Euskalduna 2-1 mendean hartuta. Ohorezko Erregionalek bana berdindu zuten Martuteneren aurka Michelinen; azken minutuan sartu zuten gola kanpokoek. Gainontzeko kategorietako taldeak esku hutsik geratu dira.

Kadeteen Ohorezko mailako mutilek aukera ona zuten bolada txarrari amaiera eman eta datozen jardunaldietara begira indar dosi bat hartzeko. Zoritxarrez, ezin izan zuten aukera baliatu, 3-4 galdu baitzuten Mariñoren aurka. Ezin uka daiteke ikusleentzat zirraragarria izan zela partidua, zelaiaren alde batetik besterako joan-etorri eta jokaldi bizkorrekin, baina Ostadarreko entrenatzaileek ez dute gauza bera pentsatuko ziurrenik. Herriko taldeak ez du batere gaizki jokatzen erasoan, baloia atzetik ateratzen dute jokatua eta bizkor mugitzen dute zelai erditik aurrera, baina defentsa lanetan ez dabiltza batere fin azkenaldian, eta garesti ordaindu zuten hori larunbatean.

Hasi eta berehala jaso zuten 0-1ekoa etxekoek. Sailkapenaren beheko aldean dago Ostadar, eta gol bat kontran jasotzea askotan tragedia baten antzekoa izan ohi da dinamika horretan dabiltzan taldeentzat. Etxekoak ez ziren behera etorri ordea, eta Beñat Negredok baliatutako aldaratze baten ostean banakoa jarri zuten. Pozak ez zien gehiegi iraun ordea, berehala aurreratu baitzen Mariño berriro ere, herriko taldeko atezainaren huts baten ostean. Dena den, atsedenaldira iritsi aurretik berriro ere norgehiagoka berdindu zuen Ostadarrek: Jokaldi bikaina egin zuen Alvarok ezker hegaletik, erdiratu egin zuen gero eta Negredok ez zuen hutsik egin. 

Bigarren zatian aurretik jartzeko asmoarekin zelairatu ziren Ostadarreko jokalariak, baina berriro ere atzetik jarri ziren. 2-3. Etxeko zein kanpoko taldeek eduki zituzten hainbat aukera golak sartzeko, baina ez zituzten baliatu. Amaierara iristeko 10 minutu falta zirenean, Negredok 'hat-trick' delakoa eskuratu zuen, markagailuan hirunako emaitza jarriz. Meritua dutenik ezin ukatu ahal zaie etxekoei, hiru aldiz galtzen jarri ostean markagailua berdintzea lortu baitzuten. Talde bakoitzak puntu bana eramango zuela zirudienean ordea, urruneko jaurtiketa baten bidez sekulako gola sartu zuen Mariñok, 3-4koa jarriz markagailuan. Emaitza ez zen gehiago aldatu, eta azkenean irundarrek poltsikoratu zituzten hiru puntuak.

Kanpoan uso, etxean ere bai

Iazko denboraldian 10 partidu irabazi zituen denera Ohorezko Erregionalak: 3 etxean eta 7 kanpoan. Esaera zaharra irauli zuten: etxean uso, kanpoan otso. Aurten ordea, alderantzizkoa izaten ari da dinamika: 6 norgehiagokatan atera da garaile, horietatik 5 Michelinen eta bat kanpoan. 2015-2016 sasoian, beraz, betiko ordena berreskuratu du berriro atsotitzak: kanpoan uso, etxean otso.

Esaera hori baliatu nahi izan zuten atzo Mikel Medina eta Gaby Sanchezen mutilek, baina ezin izan zituzten hiru puntuak zakuratu. Ez zitzaien asko falta izan helburua betetzeko, Martutenek azkeneko minutuan sartu baitzuen berdinketaren gola. Joko bolada onean dira etxekoak, eta partiduan sartzea kosta zitzaien arren, segituan egin ziren baloiarekin, zelai erdian bizkor mugituz eta hegaletara zabalduz. Erdiraketek ordea, ez zuten aurkitu errematatzailerik gehienetan. 0-0ekoarekin iritsi ziren atsedenaldira bi taldeak.

Bigarren zatiaren gidoia antzekoa izan zen, Ostadarrek zeraman partiduaren pisua baina Martutenek ere erakutsi zuen badakiela baloia ongi jokatzen, nahiz eta aukera garbiegirik ez eduki. Intentsitatea jaitsi egin zen apur bat bigarren zatiko erdialdetik aurrera, baina justu orduantxe sartu zuen Ostadarrek lehenengo gola. Behingoagatik paperak aldatu zituzten Gorka Britek eta Gorka Marcosek; pase bikaina egin zion lehenak bigarrenari, eta horrek ez zuen barkatu ate aurrean.

Emaitza mantentzera jokatzeko apustua egin zuen etxeko taldeak, eta pixkanaka-pixkanaka Martutene egin zen baloiaren jabe azkeneko minutuetan. Pare bat kontraerasotan arriskua sortu zuen Ostadarrek, baina ezin izan zuen sartu 2-0ekoa. Barkatzen duenak ordaindu egin ohi duela esan ohi da, eta horrelaxe gertatu zen atzo ere. 2-0ekoa sartzeko aukera garbia eduki zuen Britek, baina atezainak geldiketa paregabea egin eta kontraerasoan banakoa eskuratu zuen Martutenek. Azkenean, puntu bana bakoitzarentzat.

Gainontzeko emaitzak

Jubenilen I. mailako taldeak bere multzoko bigarren postuan jarraitzen du, Usurbil liderrarengandik hiru puntura. Euskalduna hartu zuten Michelinen, eta hiru puntuak etxean uztea lortu: 2-1 irabazi zuten Ivan Manzanoren mutilek. Goiko taldeak ordea, Ohorezko mailakoak, galdu egin zuen Hernaniren aurka, Zubietan. Euria dela-eta erabat hondatua geratu da Hernaniko Zubipe, ia urtero bezala, eta horregatik jokatu behar izan zuten Zubietan. Dena dela, ez zuen gehiegi nabaritu zelai aldaketa Hernanik eta irabaztea lortu zuen, 2-1.

Gainontzeko kategoriatako taldeek ere galdu egin dute asteburu honetan: Euskalduna 5-2 Ostadar SKT (Erregionalen I. maila); Intxurre KKE 5-2 Ostadar SKT (Kadeteen I. maila); Hernani 2-1 Ostadar SKT (Infantilen Ohorezko maila).