Saskibaloia garaile

Txintxarri Aldizkaria 2015eko abenduaren 7a

Ikuskizun paregabea eta kilate askoko saskibaloia eskaini dute emakumezko infantil mailako Euskadi, Galizia, Gaztela-Leon eta Madrilgo selekzioek abenduko zubian zehar. Madrilek irabazi du lagunarteko txapelketa, baina egunotako garaile nagusia saskibaloia izan da zalantza izpirik gabe.

Gabonetako festetan zehar Espainiako txapelketa jokatuko dute emakumezko infantil mailako selekzioek. Bertara ongi prestatuta iristeko, lagunarteko txapelketa bat jokatu dute Lasarte-Oriako kiroldegian, abenduko zubi honetan. Euskadi, Galizia, Gaztela-Leon eta Madrilgo selekzioak aritu dira nor baino nor gehiago kantxan, maila oso altuko saskibaloia eskainiz, ikusleen gozamenerako. Madrilek irabazi du txapelketa azkenean, Gaztela-Leon 60-59 mendean hartuta. Ostadar SKTren saskibaloi alorrak, Euskadiko Saskibaloi Federazioak antolatu dute ekitaldia, Lasarte-Oriako Udalaren laguntzarekin.

"Talde denek oso maila altuko saskibaloia eskaini dute, Madril eta Gaztela-Leonek batez ere; ikustekoa izan da azkeneko norgehiagoka, teknikoki ikaragarria", adierazi du Ostadar SKTko saskibaloi alorraren arduradun Endika Marrahik. "Emozioa handitzen joan da partiduak jokatu ahala; lehenengoetako emaitzak zabalagoak izan dira eta azkeneko hiruetan berriz, azkeneko segundora arte ez dugu jakin nork irabaziko zuen. Edozein selekzio gai zen besteei irabazteko, horrek du xarma gehien". 

Madrilek irabazi du lagunarteko txapelketa hori, jokatutako hiru norgehiagoketan garaile atera baita. Honakoak izan dira asteburuko emaitzak: Euskadi 49-69 Gaztela-Leon, Madril 58-45 Galizia, Euskadi 41-65 Madril, Gaztela-Leon 48-46 Galizia, Euskadi 55-58 Galizia eta Madril 60-59 Gaztela-Leon.

Etorkizuneko izarrak herriko kantxan

Bukatu berri den ekitaldiaren dimentsioa nabarmendu du Marrahik: "Beharbada ez gara jabe bi egun hauetan kantxan ikusi ditugun jokalarien mailaz; Espainiako selekzioarekin jokatuko dute batzuk eta dozena erdi bat seguru asko profesional izatera iritsiko da". 

Bestalde, aipatu du "pixkanaka" lortzen ari direla gisa horretako ekitaldiak antolatu eta herrian saskibaloia sustatzen. "Betiko hesiak jartzen dizkigute oraindik, horiek gainditu behar ditugu lehenbizi. Horretarako ari gara lanean".