Urrezko Bikain ziurtagiria, lehendakariaren eskutik

Txintxarri Aldizkaria 2015ko abe. 29a, 18:00

San Tomas egunean, abenduaren 21ean, Ttakun KEek urrezko Bikain ziurtagiria jaso zuen Gasteizen.

Abenduaren 21ean, Gasteizko Europa jauregian Bikain ziurtagiriak banatu ziren. 250 pertsona baino gehiago elkartu ziren Euskararen Kalitate Ziurtagirien 8. edizio honetan, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakariarekin batera, Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Roberto Larrañaga, Confebaskeko presidentea izan ziren, enpresa, politika eta gainerako gizarte sektoreen ordezkariekin batera.

Aurten, 65 enpresa eta erakundek jaso dute 2015eko BIKAIN ziurtagiria eta horien artean, Lasarte-Oriako Ttakun elkartea izan zen. Ttakun KEko ordezkaritza bat joan zen banaketa ekitaldira. Elkarteko lehendakari Tomas Arrizabalagak jaso zuen ziurtagiria Iñigo Urkulluren eskuetatik.

Kultur elkarteak urrezko Bikain ziurtagiria eskuratu du. Bikain ziurtagiria Eusko Jaurlaritzak ematen duen euskararen kalitate ziurtagiria dugu. Honen bitartez, enpresa edo erakundeetan euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen da. Hiru maila daude, urrea, zilarra eta beltza neurketaren puntuen arabera.