Lasarte-Orian ere, Estatuko hauteskundeak

Txintxarri Aldizkaria 2015eko abenduaren 11

Abenduaren 20an, Estatuko Kongresu eta Senatua eratzeko hauteskundeak egingo dira. Abenduaren 4an hasi zen kanpaina eta ekintza ugari aurrera eramanaz, alderdi guztiak herritarren bozken bila ari dira.

Abenduaren 4an, Estatuko Kongresu eta Senatua eratzeko  hauteskunde kanpaina hasi zen eta gure herrian ere antzeman zen alderdi ezberdinak kalera atera baitziren kartelak itsastera.

Larrosa banaketa

Bestelako ekintzak ere izan dira, PSE-EEko Rafaela Romero Kongresurako hautagai-zerrendako bigarren kideak eta herriko alderdikideek asteazkenean azokan larrosak eta beste objektu batzuk banatu zizkieten herritarrei.

EH Bildu

Atzo arratsaldean, berriz, EH Bildu alderdiaren ekitaldia izan zen Manuel Lekuona kultur etxean.

Marian Beitialarrangoitia Kongresurako zerrendaburua,  Oskar Matute bozeramailea eta Naike Diez zerrendakidea izan ziren. Haustura demokratikoa aldarrikatu zuten, eta urte hauetan Madrilen egindako lanari jarraipena emateko desioa erakutsi zuten.

Txorizo jana

Bestetik gaur, Podemos-Ahal dugu alderdiko kideek txorizo jana antolatu dute 18:00etatik aurrera Okendo plazan.

Bertan izango dira Kongresu eta Senaturako zerrenda buruak diren Nagua Alba donostiarra eta Josetxo Arrieta irundarra, hurrenez hurren. Txorizoa dastatzeaz gain, herritarrek galderak egiteko aukera ere izango dute.