Erreskan galdu gabeko partiduen zifra borobiltzeko asmoarekin joan zen Babyauto Zarautz Durangora, baina ezin izan zuen 30. garaipena erdietsi. 25-23 galdu zuten talde bizkaitarraren aurka, jarraian irabazitako partiduen marka 29 norgehiagokatan utziz. Ahaztua zuten honezkero liga erregularrean galtzea zer zen, eta aho-zapore garratz hori dastatu zuten berriro pasa den asteburuan. Ander eta Xabier Rekondo anaiek 80 minutuak jokatu zituzten; David Vegak eta Julen Aristorenak aldiz, ordezkoen aulkitik ikusi zuten partidua.
Lehenengo taldearen antzeko zerbait sentitu zuten Euskal Ligako 2. mailako seniorrek ere. Ez zuten lortu punturik poltsikoratzea Zaisa Txingudiren aurkako neurketan; 24-5 galdu zuten. Andoni Amonarriz eta Beñat Arroyo herritarrek parte hartu zuten neurketa horretan.
16 urtez azpiko Lavie Beltzak taldeak erdietsi zuen jardunaldiko emaitza positibo bakarra. Nagusitasunez hartu zuen mendean Uribealdea taldea, 0-49.