Senior taldeen garaipenak asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2015eko abenduaren 23a

Senior mailako bi Beltzak taldeek irabazi egin zituzten euren norgehiagokak pasa den asteburuan. Ohorezko B mailako taldeak Bera Bera hartu zuen mendean; gauza bera egin zuen Euskal Ligako 2. mailakoak Arratiko ZKren aurkakoan.

Sailkapenaren maila gorenean amaitu du urtea Ohorezko B mailako Babyauto Zarautz taldeak. Denboraldi bikaina ari dira egiten Fran Puertasek zuzendutako jokalariak, Ander eta Xabier Rekondo, David Vega eta Julen Aristorena herritarrak barne. Donostiako Bera Bera taldea garaitu zuten pasa den asteburuan, majo sufrituta hori bai: 26-30ekoa izan zen markagailua azkenean.

Aparejadores de Burgos RC taldearekin berdinduta dago taldea, 54na punturekin. Hala ere, egindako eta jasotako puntuen arteko aldea zabalagoa da Babyauto Zarautzen kasuan, eta horregatik eurak dira lehenak sailkapenean. Urrun dute hirugarren sailkatua, Bera Bera hain zuzen ere, 21 puntura.

Euskal Liga

Denboraldiko laugarren garaipena poltsikoratu zuen Lavie ZRT-Beltzak taldeak iragan larunbatean. Arratiko ZK izan zuen aurrez aurre eta, partidu bikaina jokatu ostean, 31-15 irabazi zuen. Aho zapore onarekin esan diote adio urteari eurak ere.

Gabonetako saskia

Aho zapore ezin hobearekin igaroko ditu Eguberrietako festak Agus Santana herritarrak, bera izan baita Beltzak errugbi taldeak urtero zozketatzen duen gabonetako saskiaren sariduna.

Kalitate oneko produktuz jositako otarra jaso zuen atzo Santanak, pozarren.