Juan Mari aitaren urratsak jarraituz (aurrelari profesionala izandakoa da hura ere), urtarrilaren 4an jokatuko du Axier Arteagak profesional mailako lehenengo neurketa, Tolosako Beotibarren, 17:00etan. Ibai Zabalarekin egingo du bikotea; Elezkano II.a eta Ander Imaz izango dituzte aurkari.
Hori baino lehen, Bankoa-DV txapelketa entzutetsua irabazten saiatuko da gaur arratsaldean, Zumarragako Beloki pilotalekuan, 18:00etan. Daniel Murgiondo azpeitiarrarekin batera jokatuko du Xabier Urbieta eta Ibai Arratibelen kontra. ETB 4 katean zuzen-zuzenean eskainiko dute partidua.