Berrehundik gora boluntariok Erriberako nekazarien produktuekin osatutako 12.500 saski osatzen jardun ziren. Bitartean, 110 kantariak, tartean Xumela korua, Ablitas herrian hauen lana kantuekin girotu zuten.
Ostean, Cascantera hurbildu ziren olio errota bisitatzera. Denok batera bapo bazkaldu ondoren Tuterara abiatu ziren eta arratsaldez bertako kaleetan zehar kantu jira eginez.
Xumelako lagunek jakitera eman dutenez, koruko kideez gain Lasarte-Oriako hainbat biztanle aritu zen otarrak osatzeko lanetan.
Banaketa
Aste honetan zehar banatuko dira herrietan saskiak. Lasarte-Orian bertako herritarrek eskatutako 150 otar izango dira.
Kanpaina honen bidez lortutakoarekin orotara 157.000 euro bideratuko dira Nafarroako hegoaldeko euskara bultzatzeko. Erriberako Ikastolak, AEK, D ereduaren aldeko lana eta euskal kultura izango dira oro har onuradunak.