Datorren udan Hungarian jokatuko den Europako txapelketan bi jokalari lasarteoriatar ariko dira: Daniel Oliver eta Jorge Cid. Oropesan (Valentzia) izan ziren orain dela bi asteburu, Gipuzkoatik joandako jokalari-espedizioaren parte izanik. Beste 13 herritarrek ere hartu zuten parte txapelketan.
'Dardoka' izeneko taldean aritu ziren Cid eta Oliver. Bost kidek osatu zuten denera taldea: Ivan Martinez, Joseba Unanue, Asier Alonso eta bi herritarrek. Urnietako elkarte bat da Dardoka, Gipuzkoako zaharrena: Abenduaren 19an 10 urte beteko ditu. Aitzakia horrekin, talde propioa eramatea erabaki zuen. Apustua ezin zitzaien hobeto atera, arestian aipatutako kideek taldekako txapelketa irabazi baitzuten. 2.000 jokalari inguruk hartu zuten parte denera txapelketa horretako modalitateetan.
Taldekakoan, horietako bakoitzak bi 'bizitza' ditu. Dardokako kideek ez zuten bakar bat ere galdu finalera iritsi arte. Erronda erabakigarrian kantabriar batzuk izan zituzten aurrez aurre. Azken horiek hasi ziren irabazten, gipuzkoarrei bizi bat kenduz, baina egoerari buelta eman eta kantabriarrei bi bizitzak kentzea lortu zuten.
“Bikaina izan zen esperientzia, hainbeste gipuzkoar podiumetan ikustea; Hungariako txapelketaz gozatu nahi dugu eta maila ona eman”, adierazi dute herritarrek.
Zaletasun handia Gipuzkoan
Dardoetan jokatzeko zaletasuna gero eta gehiago ari da hedatzen. Txoko guztietara ari da iristen; Gipuzkoan errotua dago jada.
Alor hori lotutako hainbat enpresa daude; Connection Darts izenekoa da bat. Erakunde horren Gipuzkoako ordezkaria da Joseba Unanue oriotarra; Espainiako txapelketa irabazi zuen taldeko kideetako bat ere bai.
Probintziako herri guztietan zehar ibiltzen da, interesa duten tabernekin harremanetan jarri eta euren egitasmoa azaltzera. Dardo-makinak instalatzen dituzte, besteak beste. Hainbat taberna dira erakunde horretako kide, Lasarte-Oriako hiru tartean: Also, Buenetxea eta Mendi Cafe Rock.
“Uneotan Lasarte-Oria da dardo jokalari gehien dituen herria”, dio Unanuek. Mendi Cafe Rock tabernan 50 inguru aritzen dira, dozena bat Alson eta sei Buenetxean. Horien artean, Jorge Cid eta Daniel Oliver. Mendin eta Alson aritzen dira gehienbat.
Duela bi urte egin zen Also enpresako kide; sei hilabete daramatza Mendi Cafe Rock tabernak, eta Buenetxearekin ere berriki elkartu da. Unanuek dioenez, “tabernek eskatutakoak baino makina gutxiago” ditu eskura, probintzia osoan zaletasuna hedatzen ari denaren seinale.
Hitzordu paregabea edukiko dute jokalari eta ikusleek urtarrileko hirugarren asteburuan, urtarrilaren 16an eta 17an, Gipuzkoa mailako bikotekako txapelketa bat antolatuko baita herrian.