Xirimiri elkarteak omenaldi xumea jaso zuen larunbatean bere kide eta lagunen eskutik. Elkartera hurbildu ziren haur, zein helduek hainbat ekintzetan parte hartu zuten eta atzera begirako bat egiteko aukera ere izan zen erakusketari esker.
Eguna, eguerdi aldera hasi zen. Xirimiri elkartean bertan antolatu zen erakusketa ikusteko aukera izan zuten hurbildu ziren guztiak.
Honetan elkarteak 26 urte hauetan antolatu dituen ekitaldi, hitzaldia, urteurren, bertso-afaria, garagardo azoka edo kontzertuen argazkiak izan ziren ikusgai modu berezian. Izan ere, argazkiak paretetan zintzilik egoteaz gain, sabaitik zintzilik zeuden kordatan baitzeuden itsatsiak.
Bazkal oste ederra
Ostean, ederki bazkaldu eta indarrak hartu zituzten arratsaldeko ekintzei aurre egiteko.
'Xirimiri Kantari' ekimenean, Jon Lasaren laguntzaz hainbat euskal doinu abestuz zituzten, hala nola, 'Txoriak txori' edo 'Xalbadorren heriotza'.
Ahots kordak ederki dituztela erakutsi zuten elkartean bilduak zeuden lagunek.
Etxeko txiki eta ez hain txikiek Porrotxen bihurrikeriez ere gozatu zuten eta mus txapelketa ere izan zen.
Oharra
Hau guztiaz gain, Xirimiri elkarteko lagunek honako hitza hauek helarazi nahi dizkiete herritarrei:
“Badira jada urte dezente Xirimiri gure herriko gune bilakatu zela, bai bertan, baita Lasarte-Oriako kaleetan ere eraginez, ilusioa piztuz, kaleak koloreztatuz, formakuntza zabalduz, harremanak landuz… Gunea izan bai, baina herriak eraiki du dinamika bertan eta gaur egun bai gunea eta baita dinamika ere eten egin nahi dute, isilarazi nahi gaituzte, etxeko ateei giltzarrapoa jarriz, betikoak dira betiko moduetan. Honen aurrean gure sustraietara begiradatxo bat botatzea erabaki dugu, indarrak hartzeko asmoz, urteetan egindako ekarpenetatik ikasteko asmoz, eta batez ere, Xirimiri-ri merezi duen omenaldia eskaintzeko asmoz, hamaika borroken espazio izan baita, beste herri baten sinisten dugunon antolatzeko topalekua baita.
Borrokaz eraikitakoa… eraikiz borrokatuko dugu!”
Kuba
Bestalde, ostegunean, Xiri afari-merienden saio berria izan zen.
Honetan, Kubara egindako bidaia azaldu zuten hainbat herritarrek.
Ostean, afari-merienda gozoa dastatu zuten.