Hemendik hilabete eta egun batzuetara iritsiko dira herrira Meltxor, Gaspar eta Baltasar magoak, Ekialde Hurbiletik, zakuak opariz gainezka. Denbora falta da horretarako, baina Megaba elkartekoak jo eta su ari dira lanean jada ongietorria prestatzen. Berrikuntzak iragarri dituzte kideek aurtengo kabalgatarako; karrozak eta jantziak hobetuko dituzte.
Horrez gain, beste aldaketa baten berri ere eman dute. Orain artean lehendakari lanak egin dituen Txus Alonsok kargua utzi eta Gemma Tejerok hartuko du lekukoa. Gaur arratsaldean prentsaurrekoa egin dute aldaketa horiek denak azaltzeko, eta baita Udalarekin lankidetza hitzarmena sinatzeko ere. Bertan izan dira Jesus Zaballos alkatea eta Txus Alonso Festen arloko zinegotzia, eta baita Megabako kide Gemma Tejero, Mila Alfonso eta Lourdes Fernandez ere.
Aurtengo moldaketak
Aurten herriko kaleetara irteten diren herritarrek kabalgata berritua ikusiko dute beraz, karroza eta jantzien hobekuntzekin. Bestalde, Endika Amibilia zenaren omenezko izarra ere itxuraldatu egingo dutela aurreratu dute Megabako kideek. Hain justu, Endikaren alargunak egingo ditu kabalgatako jantzi berriak. Hori dena gutxi balitz, Alonsok aipatu du aurtengo jaiotzan benetako idi bat ikusi ahalko dutela lasarteoriatarrek.
Errege eta pajeekin batera aterako dira APG lerroko patinaje taldea eta Ostargi konpartsako buruhandi eta erraldoiak, kabalgata girotuz. Ekitaldia amaitu ostean, indarrak berrituko dituzte parte-hartzaileek, Jalgune elkarteko gurasoek prestatuko dituzten ogitartekoak dastatuz.
Tejerok nabarmendu du aurten "herrikoak diren iragarle gehiagoren laguntza" izaten saiatuko direla.
Marrazki lehiaketa
Urtero moduan, erregeen etorrera dela-eta marrazki lehiaketa antolatu du Megabak. Abenduaren 1etik 18ra bitartean egin beharko dituzte marrazkiak gaztetxoek, eta kultur etxean jarriko duten postontzira bota. 'Ekialde Hurbileko errege magoak' izango da gaia, elkarteko kideek adierazi dutenez: "Gai askea aukeratu dugu, haurrek mugarik izan ez dezaten marrazterako orduan".
12 urtera bitarteko gaztetxoek hartu dezakete parte lehiaketan, hiru kategoriatan: 3 eta 6 urte bitartekoenean, 7 eta 9 urte artekoenean edo 10 eta 12 bitartekoenean. Adin-tarte bakoitzeko marrazkilari bat sarituko du elkarteak, eta gero hiru hoietatik irabazlea hautatu. Azken horren lana izango da datorren urteko kartelean azalduko dena.