Familia baten egunerokotasuneko gertaerak islatzen ditu Yasmina Rezaren 'Komedia espaniar bat' lanak. Hala nola, maitasuna, babesa, bakardadea, lehia eta konfiantza ditu hizpide; beti ere, komediaren bitartez jorratuak. Antzerkiari, aktoreei eta ikusleei buruzko gogoetak ere txertatzen dituzte.
Donostiako Antzerki Ikerketak Lasarte-Oriara ekarritako bertsioaren zuzendaria Manolo Gomez da. Aktoreak, berriz, Fernando Mikelajauregi, Esther Remiro, Eva Rodriguez, Coro Burgoi eta Mikel Larrañaga.
50 urteko ibilbidea
1965ean sortu zen Donostiako Antzerki Ikerketa taldea. Aktore gazteak Donostiako San Sebastian Martir parrokian elkartzen hasi ziren antzezlanak prestatzeko, eta gaur egun ekimenak bizirik dirau oraindik.
Egin dituzten emanaldi eta ekintzak gogoratuko dituen erakusketa prestatu dute Donostiako Lugaritz kultur etxean. Abenduaren 18ra bitartean ikusi ahal izango da.